Hondakin nuklearrak birziklatzean sortutako gas erradioaktiboak harrapatzen ditu material berri batek
2016/06/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zentral nuklearretako hondakinak prozesatzean askatzen diren gas erradioaktiboak modu eraginkorrean, seguruan eta merkean harrapatzeko material bat garatu dute. Lausanako Eskola politeknikoko eta Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek elkarlanean egindako proiektua da, eta Nature Communications aldizkarian eman dute lorpenaren berri.
Aurrerapauso garrantzitsutzat jo dute, erregai nuklearra birziklatzean askatutako gasak harrapatzeko orain arte erabiltzen zen teknologiak oso tenperatura baxuak behar baitzituen, eta, beraz, oso da garestia. Gainera, leherketak eragiteko arriskua ere bazuen. Aldiz, orain garatu duten materialari esker, prozesua asko merkatu da, eta segurua eta eraginkorra da.
Material hori lortzeko, 125.000 egitura probatu dituzte, eredu informatikoak erabilita. Ez zuten erronka makala, askatzen diren gasak bereizteko gai izan behar baitzuen. Hain zuzen, gas horien arteko garrantzitsu eta arriskutsuenen artean, xenona eta kriptona daude, eta bereizita bildu behar ziren, xenonak erabilera komertziala duelako. Bestalde, xenonak kriptonak baino askoz ere erdibizitza laburragoa du (hilabete, urte baten aldean).
Azkenean, lortu dute bilatzen zuten materiala. SBMOF-1 deitu diote, eta beste poluitzaile batzuk (karbono dioxidoa, adibidez) xurgatzeko erabiltzen diren materialen antzekoa da. MOFak material porotsuak dira, eta poroen artean harrapatzen dituzte gasak. Bada, SBMOF-1aren egitura aproposa da xenona eta kriptona bereizita harrapatzeko, giro-tenperaturan.Ikertzaileen esanean, horren bidez, zentral nuklearretako uranioa eta plutonioa berriro erabiltzeko prozesua merkatzea eta segurua bihurtzea lortu dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia