}

Hondartzetako ekologia

2004/06/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egun zoragarria atera du, ez da laino bat bera ere ageri zeru-mugan. Homo sapiens -a eguna eguzkipean pasatzeko prestatu da; toalla, bainu-jantzia, eguzkitarako krema eta beste mila traste hartu ditu, eta hondartza kolonizatzera doa bere espezieko gainerakoekin. Urte-sasoi honetan gizakia bera da hondartzetako espezie nagusia. Baina betaurreko ilunetatik harantzago begiratzen badu, ohartuko da ez dela hondartzako bizidun bakarra , eta ingurune horretara egokitu den ekosistema aberatsa aurkituko du.
Hondartzako landareak bereziki egokituta daude ingurune latz horretara.
N. Rementeria

Euskal Herrikoak ez dira hondartza naturalen eredu mundu mailan; ez dira urrutiko hondartza bakartiak bezain miresgarriak, ez dira dortokak etortzen arrautzak errutera, edo baleak ugaltzera, baina badago zer ikusia. Hondartzak bizitzeko leku latza ematen du, eta zinez hala da; baina harritzekoa da zenbat landare- eta animalia-espezie egokitu den ingurune zakar horretan bizitzera. Normalean ez dituzte kolonia handiak osatzen, baina begiratu batean dirudien baino aberatsagoa da hondartzetako ekosistema.

Enbatak jotzen duenean garrantzitsua da haitzari heltzeko mekanismoren bat izatea.

Lehorreko bizidunek, hondarretan bizi direnek, alegia, ia ez dute babesik: eguzkiak jotzen duenerako ez dago itzal egiten duen zuhaitzik, eta haizeak ere zuzen-zuzenean astintzen du. Uretan edo ur-ertzeko haitzetan bizi direnek ere ez dute bizimodu erraza, olatuen joan-etorriari eutsi behar izaten baitiote. Eta, horretaz gain, marearen gorabehera ere kontuan izatekoa da, izan ere, hondartzako gune batzuek ur azpian egiten dute egun-erdia eta uretatik kanpora beste erdia.

Bizi-baldintza gogor horiei aurre egiteko berez egokitu dira hondartzetako bizidunak. Baina, horretaz gain, gizakiaren presentziari ere egin behar izan diote aurre. Euskal itsasertzean egindako eraikuntza-lanek habitata txikitu dute, eta, ondorioz, bizidun-kopurua murriztu dute; eta, hala, kostaldeko ekosistema naturalek geroz eta muga estuagoak dituzte.




Itsas trikua eta itsas izarra haitzetara hurbiltzen dira elikagai bila.

Espezie-aberastasuna handia izanik ere, elikadurari dagokionez, bizidunen arteko harreman-sarea ez da oso konplexua. Ekosistemako katea trofikoak nahiko laburrak dira beste ekosistema batzuetakoekin alderatuz. Batez ere uretan da nabarmena ezaugarri hori; izan ere, tamaina handiko animalia-espezie asko iragazleak dira, hau da, ura iragazten dute elikagaiak eskuratzeko, zooplanktona batez ere.

Hondartzako uretan

Uretako sare trofikoaren oinarrian bizidun fotosintesigileak daude, hala nola, fitoplanktona eta algak. Olatuen erasopean dauden guneetan ez da ia alga handirik hazten, eta alga zelulabakarrak dira elikaduraren oinarria, hala nola, zianofizeoak. Fauna pelagikoa zooplanktonaz zein animalia handiagoez elikatzen da, eta baita arrainak ere, hornodunak (krabarroka – Scorpaena scrofa –, platuxa edo xabiroia) nahiz ornogabeak (olagarroa eta txipiroia, esaterako).

Platuxa bezalako arrainak itsas hondo areatsuan bizi dira.
NOAA

Olatuak indarrez iristen ez diren guneetan, berriz, alga handiak hazten dira. Izan ere, ongarri gehiago dute eskura, detritua batez ere. Detritua animalia- eta landare-gorpuzkinek, gorotzak eta beste hondakin batzuek osatzen dute. Bakterioek, onddoek eta beste mikroorganismo batzuek desegin egiten dute detritua, eta, horri esker, algentzako mantenugaiak pilatzen dira hondoan.

Algaz betetako inguruneak oso ekosistema aberatsak izaten dira. Izan ere, algek lurra finkatzen laguntzen dute, olatuen indarra leuntzen dute eta harraparien bistatik ezkutatzeko leku paregabea dira. Alga handi horiei itsatsita beste alga batzuk hazten dira, eta zenbait ornogabe txiki ere bai; eta harrapakin horiek erakarrita animalia handiagoak ere izaten dira, itsas zaldia ( Hippocampus sp. ) eta dontzeila ( Coris julis ), besteak beste. Hala, sare trofiko oso bat osatzen da.




Haitzetan ornogabe-espezie ugari bizi da.

Hainbeste bizidunen arteko elkarrekintzaren eta banakoen jardueren eraginez, detritua etengabe sortzen da, eta ekosistema aberasten du. Itsas trikuak eta krustazeo askok, esate baterako, detritua bere horretan jaten dute, eta iragazleak ere elikatzen dira detrituz urarekin nahastuta iristen zaienean.

Haitzari itsatsita

Baina hondartzaren inguruko haitzetan barealdi gutxi izaten da normalean. Eta hango animaliak bereziki egokituta daude bizi diren ingurunera. Muskuilua, esaterako, gogor itsasten zaio arrokari itsasgoran olatuek eraman ez dezaten, eta oskol sendoak ditu harraparietatik babesteko eta itsasbeheran eguzkiak egos ez dezan.

Haitzetan lekua hartzeko lehia gogorra izaten da. Itsas belakiak, anemonak, algak, muskuiluak, lanpernak, lapak... guztiek haitz-zati bat bereganatu nahi dute, eta bentosaren parte izan. Horien babesera karramarroak bezalako krustazeo ibiltariak biltzen dira, eta baita arrainak ere. Ez da zalantzarik: haitzetan molusku-, alga- eta arrain-espezie asko bizi dira.

Hondarretan

Itsas lilipak ( Pancratiun maritimun ) taldeak osatzen ditu. Irudian, Ammophila arenariaz inguratuta agertzen da. (Argazkia: N. Rementeria).

Hondartzako alde lehorra ez da hain aberatsa mantenugaiei dagokionez. Baina, batzuetan, enbatak itsasaldeko ekosistemetako aberastasunaren zati bat ekartzen die. Izan ere, ekaitz batzuk ikaragarriak izaten dira.

Eta olatuen indarrari eusteko gaitasuna izan arren, alga batzuk ipurditik ateratzen dituzte, eta animalia batzuk ere korronteak harrapatzen ditu, eta hondartzan barreiatzen dira. Itsasoak atzera egiten duenean, tripa-festa hasten da intsektu, karramarro, hegazti eta gainerakoentzako.





Kanpotik etorritako landare batzuek arrakasta lortu dute, adibidez,
Carpobrotus eduli-k, ezkerrean, eta Tucca gloriosa, erdian.
Bertako landare batzuk, aldiz, galtzeko zorian daude, adibidez,
Lagurus oratus, eskuinean.
Argazkiak: G. Roa eta N. Rementeria

Baina ekaitza noizbehinkako kontua izaten da, eta hondarretako bizitza eguraldiaren kondizio gogorren mende egoten da. Inguruko klimak eragina baduen arren, berez da ingurune lehorra hondartza; izan ere, euria sarri egin arren, hondar-garauen artetik erraz alde egiten du goitik behera. Eta, hori gutxi balitz, itsasaldeko bisutsak gazitu egiten du parean harrapatzen duen guztia.

Landaretza itsasoaren joan-etorrien eraginpean ez dagoen ingurunean hazten da, hondartza gorenetan eta dunetan batez ere. Ez dira zuhaitzak izaten, eta landare psammofilo deritze hondarretakoak direlako. Normalean landare sendoak izaten dira eta ez oso garaiak; izan ere, haizeak gogor astintzen du, hondar-aleekin gainera.

Ingurune lehorra izaki, ura metatzeko edo aurkitzeko mekanismoak garatzen dituzte. Batzuek sustrai-sare sakona izaten dute, Sammophila arenariak , esate baterako; beste batzuek tuberkuluak izaten dituzte elikagaiak pilatzeko, eta bada ilez betetakorik ere, Medicago marina , adibidez, euri-ura jasotzeko eta ahalik eta ur gutxien galtzeko transpirazio bidez.

Dena dela, itsasotik urrundu ahala landaretza gehituz joaten da; inguruneko gazitasuna gutxitu egiten da, eta espezieen gradiente antzeko bat antolatzen da: zenbat eta gertuago, orduan eta gaitasun handiagoa du landareak ingurune gazian bizitzeko. Hala, landare halofiloak lehenengo lerroan hazten dira.

Animaliak bilatuz gero, urtaroaren arabera, hegazti migratzaile ugari aurkitzen dira, limikolak gehienbat, kuliska, kurlinta, txirria... atseden hartzeko eta jateko jaisten dira hondartzara. Baina kostaldeko hegaztirik arruntenak kaioak eta antxetak ( Larus sp. eta Rissa sp. ) dira; urte osoan ikus daitezke, baita uda-partean ere, gizakiak utzitako zakarrak jatera joaten dira eta.

Dena dela, gaur egun, hegaztiak ez dira hondartzan ugaltzen. Garai batean, ugaltzeko leku segurua zen txirritxo hankabeltzarentzat ( Charadrius alexandrinus ) eta txenada txiki ( Sterna albifrons ) eta arruntarentzat ( S. hirundo ), baina, antza denez, gizakiaren presentziak beldurtu egin ditu; izan ere, ugalketa-sasoia abuztuan hasten dute, eta garai horretan hondartza eta haren ingurua jendez lepo egoten dira.

Kaioa da kostaldeko hegaztirik ezagunena.
J. Larrañaga

Apo lasterkaria ( Bufo calamita ) ikustea ere geroz eta zailagoa da. Jakina da hondarrarekin nahasten den azala duela, baina, horretaz gain, geroz eta urriagoa da; horregatik da ikusteko hain nekeza. Narrastiak ikustea errazagoa da, horma-sugandila ( Podarcis muralis ) batez ere, baina habitata desagertu ahala horien kopurua ere gutxituz doa.

Apoa eta sugandila intsektuekin elikatzen dira batez ere, eta, hain zuzen ere, intsektuak dira hondartzaren goialdeko animalia ugarienak, koleopteroak (kakarraldoak), dipteroak (euliak) eta hemipteroak (zimitzak) batik bat. Ordena horietako hamaika espezie bizi da dunetako landareen artean. Baina horiek baino nabarmenagoak dira barraskiloak, udan batez ere, oso ugariak izaten baitira, hala nola, Cepaea nemoralis, Theba pisana zurixka edo Cernuella virgata.

Apo lasterkaria hondartza-inguruko anfibio bakanetakoa da.
B. Berglund

Hondartzetako bizidun bitxi horiei begira ez dago aspertzerik. Tamalez, Euskal Herrian, munduko leku gehienetan bezala, hondartzetako ekosistema geroz eta ahulagoa da. Lehenengo lerroko etxebizitza garesti asko dunen gainean eraiki dira, eta itsasertzeko pasealeku dotoreek muga jarri diote hondartzari. Kostaldeko paisaia miresten da, baina begirune gutxi izan da hondartzako ekosistemarekin, eta geroz eta aukera gutxiago dago haiek behatuz gozatzeko.

Mediterraneoko zelaiak

Posidonia oceanica -k zelai zabalak osatzen ditu Mediterraneo itsasoan. Itsas belar hau sakonera txikiko uretan hazten da batez ere, eta bereziki garrantzitsua da hondartza-inguruko ekosistemarako; izan ere, itsas korronteen eta mareen indarra leuntzen du, eta, hala, batetik, kostaldearen higadura saihesten du, eta, bestetik, babesa ematen die hainbat biziduni. Ikerketen arabera, 400 landare-espezie eta 1.000 animalia-espezietik gora bil daitezke P. oceanica -ren babesera.

Baina landare hori desagertzeko arrisku bizian dago, eta, hori dela eta, Mediterraneoko kostaldeko herriak biziki arduratuta daude; izan ere, arrantzako espezie askoren bizileku dira zelai horiek, eta ez arrainena bakarrik, moluskuena eta krustazeoena ere bai.

Antza denez, arriskuaren eragile nagusia poluzioa da, baina zenbait arrantza-motak ere ez dio inongo mesederik egin, batez ere, itsas hondoa altxatzen dutenek. Arrantza-mota horiek debekatuta daude, noski, baina orain arte egin duten kalteak ez du atzera bueltarik.


Mus kuilua, gogorrenaren arrakasta

Muskuiluek saldo handiak osatzen dituzte haitzari itsatsita lekua egiteko; gainera, itsasteko gaitasun berezia dute. Baina lan horretan lehiakide gogorrak dituzte: algak. Materia organikotan oso aberatsak diren inguruneetan, ordea, muskuiluak dira garaile. Izan ere, materia horrek argi-izpiak sartzea oztopatzen du, ura uherragoa izaten baita, eta algek ez dute nahikoa energia fotosintesia egiteko.

Materia organikoa iturri natural batetik etor liteke, baina, gaur egun, iturri nagusia gizakiak sortutako poluzioa da. Eta, hala, kostaldeko badietan muskuilu-saldo handiak hazten dira, eta ez marea-arteko guneetan bakarrik, dagokien gisan, itsas hondoa ere estaltzen dute poluzio handiko toki batzuetan.

Gertaera hori oso erabilgarria da ingurunearen poluzio-maila aztertzeko garaian; izan ere, muskuilua adierazle gisa erabiltzen da. Berez, muskuilu-saldoetan bizidun-dibertsitate handia izaten da, karramarroak oso ugariak izaten dira, esaterako. Baina poluzio-maila handitu ahala, dibertsitate hori ikaragarri txikitzen da; hala, muskuilu-saldoetako dibertsitatea neurtuz, ingurune baten egoera nolakoa den azter daiteke.

Hondartzak garbitzeko makinak

Begiratu batera, badirudi hondartzak garbi mantentzea dela ingurumenerako egokiena, eta, helburu horrekin, urteak dira hondartzak garbitzeko makinak erabiltzen direla. Baina makina horiek ez dute gizakiak botatako zaborra bakarrik jasotzen, itsasoak ekartzen dituen algak, animalien gorpuzkinak eta beste ere eramaten dituzte, eta hondartzako bizidun asko janaririk gabe geratzen da.

N. Rementeria

Ikertzaile-talde bat Kaliforniako 40 hondartzatako ekosistemak aztertzen aritu da 1995az geroztik, eta ikusi dute makinekin garbitzen diren hondatzetan bizidun gutxiago dagoela, eta espezieen dibertsitatea ere askoz ere txikiagoa dela makinak erabiltzen ez direnetan baino.

Gainera, makinak sartzen diren hondartzetan ia ezinezkoa da dunak era naturalean sortzea eta haztea; izan ere, landareak dira hondarrari eusten diotenak dunak sortzeko, eta makinek ez diete landareei hazten uzten. Zer landare haziko da etengabe iraultzen den hondarretan?

Antza denez, hondartza garbiegi geratzen da, ez zabor eta ez bizidun.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia