Hondo-hondoan bizia dago
2005/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurraren puntu garaiena Everesteko tontorra da. Denek dakite hori. Askok dakite baita ere zein den sakonena: Mariana fosa. Ozeano Barearen mendebaldean dago, eta haren hondoa lurrazaletik hamaika kilometrora dago. Han dauden bizidunen lagin batzuk biltzeko gai izan dira Japoniako ikertzaile batzuk, eta haien berri eman dute Science aldizkarian.
Bizidun horiek Mariana fosaren Challenger izeneko zuloan daude, lokatzean. Toki horretan presioa lurrazalean baino 1.090 aldiz handiagoa da, eta hara iristeko kontrol urruneko Kaiko urpekoa erabili dute.
Urpekoak bildutako laginetako bizidun gehienak bakterioak ziren, baina bazeuden 432 foraminifera ere. Ziurrenik, foraminiferak itsasoko bizidun ugarienak dira, bakterioen atzetik. Mikroorganismo txikiak dira, orratz baten buruan ehunka sartzen dira. Ia denek pareta edo hesi bat dute inguruan, esferikoak edo luzexkak dira, eta kolore marroia dute.
Normalean, foraminiferek kaltzio karbonatozko oskolak izaten dituzte, baina Challengerren topatu dituztenek ez dute estalkirik. Antza denez, sakonera horretan kaltzio karbonato gutxi dago, eta ez dute oskola egiteko aukerarik izan. Nolanahi ere, presio benetan altuak jasateko gai direla frogatu dute.