Honga sumendiak Lurrean eta espazioan eragindako ezohiko fenomenoak aztertu dituzte
2022/05/13 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hunga sumendiaren erupzioak (Tonga irlak) erregistro geofisiko modernoan dokumentatutako leherketarik handiena eragin zuen atmosferan urtarrilaren 15ean (1883an Krakatau sumendiaren erupzio suntsitzailearen parekoa). Lurreko eta espazioko egungo detekzio-sare modernoak baliatuta, erupzioak eragindako fenomeno fisiko ezohikoak zehaztasunez deskribatu ahal izan dituzte Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek. Science aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Hainbat izan dira identifikatu dituzten ezohiko fenomenoak. Esaterako, argitu dute Hungaren erupzioak sortutako infrasoinu indartsua (0,01-20 Hz-koa) mundu osoan zabaldu zela, eta irismen handiko soinu entzugarri bat ere zabaldu zuela (20 Hz-tik gorakoa), baita 10.000 km-ra entzun zena (Alaskan), inoiz erregistratutako distantziarik handienean.
Bestetik, erupzioak askotariko presio-uhin atmosferikoak barreiatu zituen mundu osoan zehar, eta horiek izan dira ikertzaileen arreta gehien erakarri dutenak. Handiena, Lamb uhina izan zen, maiztasun txikiko uhin atmosferikoa, lau bira eman zizkionak Lurrari norabide batean eta hiru aldiz kontrako norabidean. Uhin horiek soinuaren abiaduran bidaiatzen dute eta aire-bolumen handien desplazamendua eragiten dute. Gizakiek ezin dituzte hauteman Lamb uhinak, giza entzumenetik kanpo geratzen diren maiztasun handiko uhin akustikoak baitira. Lamb uhinak Gerra Hotzean ere zabaldu ziren, proba nuklearrak egin zirenean.
Ozeanoen eta itsasoen azalean zehar mugitzen direnez, tsunami sakabanatuak sortu zituen Lamb uhinak, han eta hemen. Presio-uhin atmosferiko batek sortuak izanik, kontinenteak saltatzen zituela zirudien. Tsunami horiek oso azkar iritsi zen ziren kostaldera, ohiko tsunamiak baino bi ordu lehenago, eta ikertzaileak aho zabalik utzita. Ikerketak argitu du Lamb uhinak bultzatuta iritsi zirela hain azkar.
Ikertzaileak harritu dituen beste faktore bat eztandak sortutako hodeia izan zen: aterki baten formako hodeia sortu zuen, 30 km-ko altuera ikaragarria lortu zuena. Ikertzaileen ustez, magma beroak itsasoko ura hain azkar ukitzearen ondorio izan zen. Gasez betea zegoen magma, eta magma beroaren eta ur hotzaren arteko bero-transferentziak leherketa bortitzak eragin zituen.
Espazioraino iritsi zen leherketaren eragina
NASAren txosten baten arabera, erupzioaren eragina atmosferako goiko geruzaraino iritsi zen, ionosferaraino. Lurraren eta kanpoko espazioaren arteko muga da ionosfera, eta han orbitatzen duten sateliteek muturreko haize-boladak erregistratu zituzten, urakanek sortutakoen antzekoak. Ezohiko korronte elektrikoek ere sumatu ziren. NASAren arabera, garai modernoan espazioan erregistratutako eraginik handiena izan da.
Sumendiak eragindako fenomenoen ikerketa xehea egiteko, mundu osoko presio atmosferikoko sentsoreek, sismometroek, hidrofonoek, satelite bidezko nabigazio-sistema globalaren (GNSS) hartzaileek eta satelite meteorologikoek jasotako datuak baliatu dituzte. Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileen ustez, sare horri esker, Hungako erupzioak aukera ezin hobea eskaini du sumendien erupzioek eragindako fenomeno fisikoak ulertzeko: nola hedatzen diren Lamb uhinak mundu mailan, nola akoplatzen diren oszilazio atmosferikoak lur solidoarekin, nola hedatzen diren uhin atmosferikoak, nola kitzikatzen diren infrasoinuak eta soinu entzungarriak maila globalean, nola sortzen diren aire-itsaso uhinak eta abar. Are gehiago, gaineratu dute potentzial handia dagoela uhin globalen datuak are xehetasun handiagoz aztertzeko, diziplina arteko datuak eta herritarren zientziari esker lortutako datuak baitaude eskura mundu osoan.