}

Hosto-nerbioen hazkundea, landare osoaren eredu

2006/06/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Begiratu argazkiari eta jarri arreta hostoen nerbioei; ederra irudia, ezta? Zientzialariek orain arte ez dute jakin zein den edertasun horren giltza; azkenean, Albertako Unibertsitateko (Kanada) ikertzaileek lortu dute misterioa argitzea.

Ikertzaileek lehendik bazekiten hormona batek, auxinak, sustatzen duela nerbioen hazkundea. Hostoa hazi ahala, auxinak aurrera egiten du, eta harekin batera hedatzen dira nerbioak. Baina, nola bideratzen da auxina? Hori aztertzeko, auxina garraiatzen duen proteina nabarmendu dute, markatzaile fluoreszente baten bitartez.

Hala, ikusi dute nerbio bakoitzean zelula berezi batzuk daudela; hain zuzen ere, auxina aurkako bi noranzkoetan garraiatzeaz arduratzen dira zelula horiek. Horrez gain, frogatu dute hostoaren epidermisa oso garrantzitsua dela hormonaren garraioan eta nerbioen sorreran.

Nolanahi ere, zientzialarien iritziz, hori baino are garrantzitsuagoa izan da ikustea landareak mekanismo bera erabiltzen duela hosto-nerbioen zein enborretik edo sustrai nagusitik sortzen diren adarren hazkundea zuzentzeko.