}

Hostoaren barrura sartzeko giltza du bakterioak

2006/09/11 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hostoak estoma izeneko poro batzuk ditu gasen trukea egiteko. Eta estoma horiek hostoaren barrura sartzeko ate gisa erabiltzen saiatzen dira mikroorganismoak; baina, normalean, atea itxita aurkitzen dute.

Esate baterako, Arabidopsis landareak hostoetako estomak itxi egiten ditu bakterio patogenoekin kontaktuan jarri eta ordubeterako. Horixe ikusi zuten landare-patologo batzuek Arabidopsis hostoak hainbat bakteriorekin kontaktuan jarritakoan. Landareak, oro har, ordu luzez mantendu omen zituen estomak itxita. Baina bakterioetako batekin bestela gertatu zen: hiru ordura estomak ireki zituen. Bakterio hark (Pseudomonas syringae) hostoaren barrura sartzeko giltza zuen.

Giltza koronatina izeneko sustantzia dela ikusi dute ikertzaileek. Koronatinak landarearen hormona baten antza du, eta hostoaren estomak irekitzea eragiten du. Hala, bakterio patogenoa hostoaren barrura sartzen da landarea kolonizatzera.

Argazkia: Wisconsingo unibertsitatea.