Hotzikarek eta ariketa fisikoak gantz zuria arre bihur dezakete
2014/03/04 Jauregi Larretxea, Oihana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ikerketa Sydneyko Garvan Medikuntza Ikerketarako Institutuko Paul Lee endokrinologoak burutu du Washingtonen, Osasunaren Institutu Nazionalean. Eta emaitzak Cell Metabolism aldizkarian argitaratu dituzte.
“Hotzak gaudenean gure organismoak gantz arrea aktibatzen du beroa sorrarazteko. Energia hori nahikoa ez denean, muskulua mekanikoki uzkurtu edo dardarka hasten da, hotzikarak eragiten ditu, horrela, beroa sorraraziz. Orain arte ez genekien prozesu horretan nola komunikatzen ziren muskulua eta gantza”, azaldu du Lee medikuak.
Ikerketa honi esker ikertzaileek jakin dute gantzak eta muskuluak hormona espezifikoen bidez elkar komunikatzen direla. Hormona horiek dira gantz zuriaren zelulak arre bihurtzen dituztenak.
“Ikerketan tenperatura pixkanaka jaitsi genuen, 18 ºC-tik 12-ra, eta denbora-tarte horretan, ikerketan parte hartu zuten boluntarioei odol-laginak hartu genizkien. Azalean jarri genizkien gailu berezi batzuen bidez muskuluen aktibitate elektrikoa neurtu genuen, eta hotzikarak gertatu zirela ikusi genuen”, argitu du Lee medikuak.
Proba horretan, hotzaren ondorioz bi hormonaren jarioa areagotzen zela detektatu zuten: irisina eta FGF21 hormonak. Ondoren, laborategian egindako probetan, ikertzaileek ikusi zuten hormona horien eraginpean jarritako gantz zuria azkarrago erretzen zela, eta beroa emititzen zuela, hau da, gantz arrearen funtzioa betetzen zuela. Gantz zuria arre bilakatzeko mekanismoak ezagutzeak obesitatearen tratamenduetan lagun dezakeela uste dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia