}

Hubble: 10 urte espazioari begira

2000/11/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

1990eko apirilean NASAk Hubble teleskopioa espazioratu zuen. Lehenengo aldiz atmosfera ez zen oztopoa espazioa behatzeko. Lurraren inguruko orbitan sartu eta ia etengabe aritu da datuak igortzen. Hubblek gure planetatik ikustezina dena ikusi eta neurtezina dena neurtu egin du. Izan ere, 14.000 objektu inguru behatu ditu eta Lurreko teleskopioek lortu duten bereizmena baino hamar aldiz handiagoa du. Teleskopioa beste hamar bat urte izango da lanean.

Planetak

Gure sistemako planeta eta bertan gertatutakoaren irudi zehatzak hartu ditu. Aipagarriena 1994. urtean Jupiterrera eroritako Shoemaker-Levy 9 kometaren talkaren jarraipenarena izan zen. behaketa ezin hobea egin zuen.

Izarrak

Izarren sortze- eta hiltze-prozesuak aztertu ditu Hubble-ek. Sortzen ari den izarraren inguruan harkaitz eta hautsez osatutako diskoa egoten dela baieztatu da. Lurra edo Jupiter sortu ziren bezala, diskoa horretan planetak sortzen dira. Hiltzen diren izarren kasuan nebulosa planetarioak ikusi dira. Nebulosa horiek izarrak bere inguruan sortzen dituen materia-oskol handiak dira.

Supernobak behatzeko ere aukera izan da. Zehazki esanda 1987. urtean gertatu zenaren aztarnak ikusi ahal izan dira. Behaketa 1994. urtekoa da, hau da, gertaeraren ondorioz sortutako fenomenoen irudiak hartu dira.

Hubbleren bitartez zulo beltzak ere ikertu dira. Batez ere, galaxien nukleoetan aztertu dira. Teorian gurearen nukleoan zulo beltz erraldoia egon zitekeela uste zen. Teoria hori kanpoko galaxia batzuetan baieztatu da. Gure galaxiaren nukleoa behatzea ezinezkoa da, tartean gas asko dagoelako eta hori eragozpen handia delako.

Galaxiak

Aipatutako zulo beltzak ez ezik, Hubbleren bitartez galaxien beste ezaugarri batzuk aztertu dira. Quasar asko aurkitu dira. Quasarrak oso galaxia aktiboak direla uste da. Aurkitu direnak oso urrun daude. Beraz, horrelako behaketak egiteko bereizmen handiko teleskopioa behar da.

Unibertsoaren adina

Hubbleren bitartez eginiko behaketak baliagarriak dira unibertsoaren adina zehazteko. Bi lan-talde aritu dira lan horretan eta bi metodologia ezberdin erabili dituzte. Talde batekoek 1A motako supernobak erabili dituzte, eta bestekoek, ordea, zefeida izeneko izar berezi batzuk. Datu-iturriak eta tratamenduak ezberdinak zirenez, emaitza ezberdinak lortu dituzte. Dena den, aldea ez da hain handia. Gainera, dirudienez aurreko iritziak besterik bazioen ere, unibertsoa gero eta azkarrago hedatzen ari da.

Hori ere kontuan hartu ondoren, kalkuluak berriz egin behar izan dituzte. Hubbleren konstantearen balio berria lortu da eta adina kalkulatu. Talde batek 13.500 milioi urteko adina eman du. Besteak, ordea, 15.500 milioi urtekoa. Bien arteko diferentzia, 2.500 milioi urte, txikikeria da, % 10 baino txikiagoa delako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia