}

Hubble teleskopioa zaharberritzeko asmotan

2006/11/26 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Etekin handia atera diote Hubble espazioko teleskopioari: Hubble -k bidalitako datuekin mundu osoko astronomoek egin dute lan, eta Astronomiari egundoko bultzada eman dio. 1987an jaurti zuten, eta berritzeko premia du, ordea; eta NASA eta ESA teleskopioa berritzeko misio bat antolatzen hasiak dira.
Misioaren une arriskutsuenetako bat jaurtiketa-unea izango da.
NASA

Ez da lehenengo aldia izango Hubble txukuntzera joango direna. Aurretik lau aldiz izan dira, eta esperientzia horiek oso baliagarriak izango dira misio berri hau arrakastaz burutzeko. Europako eta Estatu Batuetako espazio-agentzietako arduradunen esanean, prest daude beste berritze- edo eguneratze-misio baterako.

Oraingo misioan Hubble txukundu egingo dute: teleskopioak dituen matxurak konponduko dituzte, tresnaren bati bateria aldatuko diote lanean jarrai dezan... Horiek ohiko lanak dira halako misioetan. Baina, horretaz gain, bi tresna berri ere instalatuko dituzte teleskopioan: COS eta WFC3.

Unibertsoaren zelataria

COS (Cosmic Origins Spectrograph) espektrografo bat da, eta urrutiko quasarren argia jasoko du, quasarraren eta teleskopioaren artean dagoen materia aztertzeko. Hala, materia horren konposizioaren eta kokapen zehatzaren datuak bidaliko ditu.Datu horiek espazioaren izaera eta denboran izan duen eboluzioa hobeto ezagutzen lagunduko dute.

Hubble -k Unibertsoaren irudi ikusgarriak bidali ditu orain arte, eta, konponketak egindakoan, are eta ikusgarriak bidaliko ditu akaso. (Argazkia: NASA, ESA eta H. E. Bond)

WFC3 (Wide Field Camera 3), berriz, kamera bat da; eta Hubble -ren ikusmena handitzera dator. Izan ere, hainbat uhin-luzeratan lan egiteko gai da; besteak beste argi infragorria, ikusgaia eta ultramorea ikusten ditu. Hortaz, galaxia batera begira jarri eta edozein motatako izarrak ikusiko ditu: izar gazte eta beroak ikusiko ditu (argi ultramorea igortzen dutenak, hain zuzen ere), eta baita izar zahar eta hotzagoak ere (argi infragorria igortzen dutenak).

Tresna berriak instalatzeaz gain, hondatuta daukan espektrografo bat konpontzen ere saiatuko dira (Space Telescope Imaging Spectrograph), 2004az geroztik hondatuta dagoena. Bi tresna berri horiekin eta egiten dituzten konponketekin askoz ere etekin handiago atera nahi diote espazioko teleskopioari.

Misio tripulatua

Hubble -ren txukunketarako misiorako zortzi astronauta izendatu dituzte. Astronautek erantzukizun handia izango dute esku artean. Ez da misio luzea izango, hamaika egun baino ez dituzte egingo Lurretik kanpora jaurtigailu espazial batean. Hirugarren egunean iritsiko dira teleskopioaren aldamenera, eta jaurtigailuaren beso mekaniko batek teleskopioa lanerako plataforma batean jarriko du. Lurrera itzuli aurretik, bost aldiz irtengo da astronautaren bat ontzitik kanpora teleskopioan konponketak egitera.

Hubble espazioko teleskopioa konpontzera doazen bosgarren aldia izango da hau. (Argazkia: NASA)

Espazioko teleskopioa berritzeko misioaren nondik norakoak zehaztuta daude, beraz. Eta, esan bezala, misioa onartuta dago. Orain prestaketa-lanak egin beharko dituzte, beraz. Bi urte eskas dituzte guzti-guztia prestatzeko; izan ere, 2008ko udazkenean egin nahi dute konponketa. Dirudienez garaiz dabiltza, baina gogotik egin beharko dute lan inongo akatsik egon ez dadin. Tentuz hartu beharreko kontuak dira horiek, ezusteko txikienak misioa bertan behera bota dezake.

Dena ondo irteten bada, ordea, laster izango dugu Hubble zaharberrituaren berri.

7K-n argitaratua.