}

I. Antiguedad: "arazoa kudeaketa da, ez ura".

2003/03/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Egunotan Uraren Munduko III. Foroa egiten ari dira Japonian. Han bildu dira 150 herrialdetako 10.000 ordezkari, Johanesburgeko goi-bileran (2002) finkatutako helburuei forma emateko. 2015erako erdira murriztu nahi da edateko urik ez duen pertsona-kopurua, baina helburuak betetzea ezinezkoa izango dela dirudi. Alderantziz, iragarpenak oso ezezkorrak dira.

Nazio Batuen erakundeak baliabide hidrikoen mundu mailako txostenean adierazi duenez, uraren krisiak asko egingo du okerrera hurrengo urteetan. Populazioa eta poluzioa handitu egingo dira eta, ondorioz, gaur egungo inertziari segitzen bazaio, ur-baliabideak murriztu besterik ez dira egingo.
Klima-aldaketak, gainera, txarra okertu egingo omen du. Nazio Batuen arabera, pertsonako dagoen
ur-kantitatea heren bat murriztuko da hurrengo hogei urteetan.

Iragarpen ilun horien aurrean, Iñaki Antiguedadek argi dauka arazoa ez dela ura, uraren kudeaketa baizik. EHUko Hidrogeologian katedraduna da Iñaki Antiguedad.

Iñaki, Uraren Munduko III. Foroak balioko du uraren krisiaz ohartarazteko?

Ni ez naiz oso baikorra, baikor izateko motibo handirik ez baitago. Kontuan izan hau hirugarren foroa dela, eta beste hainbat bileratan ere, Rioko gailurrean, Johannesburgekoan, hitz egin dela uraz eta uraren inguruko arazoez. Denetan kontu berak errepikatu dira, baina, hala ere, oso irtenbide eskasa eman zaie. Irtenbideak zein diren esana dago, baina oso zaila da horiek bideratzea.

Argazkia: FAO

Bestalde, uraren krisiaz hitz egiten da, baina ni konbentzituta nago krisian ez dagoela ura, baizik eta uraren erabilera. Horrek beste hainbat kontutara garamatza. Izan ere, benetan onartezinak gaurko garapena eta baliabideen kudeaketa dira. Uraren krisia aipatzen denean, kontzientzia zuritu egiten da nolabait, baina krisia ez da urarena, munduan osoan ura kudeatzen dutenena baizik. Gaurko gizartea ez doa jasangarritasunaren bidetik, alderantziz, eta bide horretatik ezinezkoa da uraren arazoa konpontzea. Laugarren eta bosgarren foroa ere egingo dira, eta uraren arazo zaharrak egongo dira mahai gainean berriz. Horregatik ez naiz oso baikorra.

Zein gai aztertuko dira nagusiki foro honetan? Zein iritzi-korronte daude?

Bilera honetan daudenen artean tira-bira handi bat dago. Batzuen ustez ura salgaia da eta, beraz, uraren kudeaketa merkatu-ikuspuntutik aztertu behar da; uraren merkatuaz hitz egiten dute. Beste batzuek, berriz, gobernuz kanpoko erakundeek, adibidez, esaten dute ura eskubidea dela eta guztiok izan behar dugula ur garbia eskuragarri. Zaila da jakiten zeinen tesiak irabaziko duen foroan, hau da, zeinena jasoko den gero txostenean.

Argazkia: FAO

Dena dela, arazo hau ez da bakarrik urarena. UNESCOk energia ere aipatzen du txostenean eta borroka hori ez da arrotza guretzat. Energia nola kudeatu behar da? Zerbitzu publikoa izan behar du, denon esku egon, ala ustez garapen jasangarriaren alde ari diren multinazionalen esku? Urarekin eztabaida bera plazaratu da. Ura negozio bihurtu da eta batzuek areagotu egin nahi dute joera hori. Baina joera horren kontra altxatu egin behar da, herrialde garatua ala azpigaratua izan.

Gatazka horren inguruan, Munduko Bankuak esan du ez dagoela garatzen ari diren herrialdeetara ura eramateko beharrezko inbertsioak egiteko nahikoa diru. Ondorioz, uraren prezioa garestitzea proposatu du. Bide horretatik irits al daiteke konponbiderik?

Ura ez da beste edozein baliabideren modukoa. Gasa, uraren moduan, oso modu irregularrean dago banatua munduan, baina arazorik gabe garraiatzen da bazter batetik bestera. Urarekin, aldiz, ezin da hori egin. Horrek esan nahi du, jasangarri izatekotan behintzat, toki bakoitzeko garapen sozioekonomikoa lurraldeak eskaintzen dituen aukeretara egokitu behar dela.

Zoritxarrez, gaur egun ez da hori egiten, toki batzuk modu batean garatzeko interesa dagoelako. Ez naiz Afrika edo Asiaz ari, Europaz edo Espainiaz ari naiz. Plan hidrologikoa omen den horretan, adibidez, esaten da Levante aldean ura falta dela. Baina Levanten ez da urik falta, urbanizazioak eta golf-zelaiak handikiro egiteko handinahia dago Levanten soberan. Horregatik diot hau ez dela uraren krisia. Uraren inguruan mugitzen diren interesen krisia da. Gogoeta egin behar da zerk mugatzen duen zer erabakitzeko. Hau da, prest gaude lurraldeak eskaintzen dituen baliabideen arabera garatzeko ala merkatuaren arabera garatu nahi dugu? Lehena jasangarria da, bigarrena jasangaitza.

Kasu honetan Nazio Batuen erakundeak hainbat erronka ditu. Zuk aipatzen duzun garapen jasangarriaren kontzeptuan oinarrituta planteatu dira erronka horiek?

Patat-soro bat Afrikan. Argazkia: FAO

Bai. Nazio BatueK 11 erronkaren zerrenda bat plazaratu dute, ongizatearekin lotuta batzuk eta urari lotutakoak besteak. Argi eta garbi esan dute, testuan behintzat, uraren arazoa ez dela konponduko pobrezia konpontzeko bideak ez badira jartzen. Oso modu jatorrean lotu dituzte ura eta energia. Eta esan dute munduan bizi den gizabanako bakoitzak bermatuta izan behar dituela energia, osasun-asistentzia, elikagaiak, irakaskuntza eta ura, eskubideak direlako. Baina beste gauza asko bigarren mailan gelditu dira.

Esaterako, Afrikan eta Asiako toki askotan jendea goseak dago bertako uraren % 90 edo gehiago nekazaritzan erabiltzen den arren. Nola da posible hori? Nekazaritza ere merkatu bihurtu da, monolaborantza izugarri hedatu da, baina ez bertakoak elikatzeko, Europa eta Ipar Amerika elikatzeko baizik. Nekazaritza-eredu horren eta uraren artean lotura zuzena da. Nahiz eta aipatu ez, nekazarien sindikatutik planteatzen duten subirotasunak harreman estua du urarekin. Izan ere, betiko laboreak landatuko balira, ur gehiago egongo litzateke eskuragarri bertako jendeak erabiltzeko. Horregatik, urari lotutako kultura-falta ez da Afrikari edo Asiari lotutakoa bakarrik.

Nekazaritza aipatu duzu. FAOk esan duenez, uraren % 70 xahutzen da nekazaritzan, baina sail ureztatuetan ura ez da behar bezala kudeatzen. FAOren arabera, populazio-hazkundea ez litzake arazo izango ureztatze-sistemak zorrotzago kudeatuz gero.

Ureztatze-sistemen kontua egia da, eta ez da berria. Nekazaritzan ur asko erabiltzen da, toki batzuetan % 70 baino gehiago, baina erabili baino gehiago zarrasteldu egiten da. Zorrotzago ureztatuz gero, jendeak ur gehiago izango luke eskuragarri, baina ez pentsa hori izango denik munduaren panazea. Toki batzuetan beti izan dute lehorreko nekazaritza jator eta aberatsa, baina azkeneko 10-20 urteetan sail ureztatuak jarri dira martxan. Hori gertatu da Levante aldean. Izan ere sail ureztatuek ur gehiago behar dutenez, errazagoa da nekazaritzaren izenean trasbasea egin eta, ondoren, ura urbanizazioak edo Terra Mitica bezalako proiektu guztiz jasangaitzak sustatzeko erabiltzea.

Nekazaritza-mota desberdinak aipagai dituzula, uraren kontseiluak esan du ur gutxiago kontsumitzen duten landare transgenikoek uraren krisia konpontzen lagun dezaketela. Ur gutxirekin haz daitekeen arroz transgeniko bat aipatu dute. Zer iruditzen zaizkizu horrelakoak?

Transgenikoak modan daude. Esaten da trasngenikoek goseak hiltzen ari den jendea salbatuko dutela. Horrelako baieztapenak baloratzeko, kontuan hartu behar dugu nortzuk eta non ari diren momentu hauetan sutsuen transgenikoen kontrako borrokan. Hain justu, Afrikan, Asian eta Hego Ameriketan. Hortaz?

Argazkia: FAO

Urarekin lotuta, badaukat molde horretako adibide on bat. Bangladesh inguruan, dozenaka milaka pertsona hiltzen da urtero zikloien garaian, uholdeak direla eta. Aitzakia horrekin, Munduko Bankuak dirua jarriko du presak eraiki eta uholdeak eragozteko. Baina bertakoek ez dituzte presa haiek nahi. Bangladesheko deltetako nekazarien ordezkariek nazioarteko bilera batean esan zuten nahiago zutela betiko moduan segi. Uholdeek senitartekoak hiltzen bazizkieten ere, lurrak ongarritu eta beste urtebeterako jana ziurtatzen zietelako. Presak eraikiz gero, agian gosez hilko ziren eta nahiago zuten arrisku ezagunari, uholdeei, aurre egin.

Berdin gertatzen da transgenikoekin. Horrelako kontuak ikuspegi zabalarekin aztertu behar dira, natura ez baita merkatu bat.

Eta, Euskal Herrian? Zein da Euskal Herriko egoera? Azken urteetan errekak garbitzeko ahalegin handia egin omen da, emaitzarik eman du horrek?

Argazkia. A. Elosegi

Egia da errekak garbitu direla, ura garbiago dago, baina nik ez dut inondik inora sinisten, sailburuak esan duen moduan, etxeko lanak egin ditugunik. Izan ere, errekak egoera fisiko okerragoan daude orain. Uraren kudeaketaren inguruko eztabaidak ez dira hirugarren mundu urruneko kontuak.

Informazio gehiago:
Uraren Munduko III. Foroa
2003, uraren urtea
Global water crisis ( Nature aldizkariaren web gunean)
Ura ala ur-kultura, zein urriago?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia