}

Iazko aurkikuntza teknoligiko eta zientifiko onenak

2000/01/02 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Iragandakoa laburbildu eta gogoratu ahal izateko, urte-bukaera guztietan bada aurreko hamabi hilabeteetako gertakizun garrantzitsuenak bildu eta nolabaiteko sailkapenak egiteko ohitura. Batez ere komunikabideak aritzen dira horretan. Eta seguru batek baino gehiagok egin duela horrelakorik, baina gaurkoan Estatu Batuetako Time aldizkariak argitaratu duen zerrenden berri izango duzu.

Time-ekoek batetik teknologiako -horrela deitzen diote ordenagailuetako eta Interneteko arloari- gertaera aipagarrienak bildu dituzte; bestetik, berriz, zientzia arlokoak.

1999ko teknologiako onenak

1) eBAY

Internet sarean dagoen web orria da, enkanteak egiteko erabiltzen dutena. Egunero 250.000 gauza berri jartzen dira salgai eta 1,5 milioi pertsonak erabiltzen dute. Ikaragarrizko fenomeno ekonomikoa izan zen iaz. Web orriaren helbidea honako hau da: http://www.ebay.com/.

2) PALM VII

Eskuaren tamainako tresna. Posta elektronikoa, berriak, eta burtsako kotizazioen zerbitzua eskaintzen du. Agenda ere bada.

3) MP3

Mpeg-3 teknologia, Internet-erako musika-formatu estandarra, komunikabideetako lehen orrialdetara iritsi zen MP3.com enpresak bere salmenta publikoaren eskaintza egin eta MP3 erreproduzitzaileak probak gainditu zituenean. Ordutik, musikaren arloan arrakasta lortzeko ez da behar diskoetxe baten jabe izatea.

4) SIM CITY 3000

Umeendako eta helduendako ordenagailu-jokoa. Mundu birtualak eraiki daitezke, jokalariak hiriak diseina ditzake, edo eta bertan benetako hiriak kokatu. Izugarrizko kalitatea du. Web orriaren helbidea honako hau da: http://www.simcity.com

5) QUAKE III

Ordenagailuetarako beste joko bat. Munduko beste edozein pertsonaren aurka jokatzeko aukera ematen du, baita bakarka ere. Joko honetan kolpeak eta borrokaldiak dira nagusi.

6) EVERQUEST

Sonyk sarean jarri duen hiru dimentsioko joko birtuala. Arrakasta harrigarria izan du eta rol-jokoen lehenengo postuan dago.

7) GOOGLE.COM

Internet-eko bilatzailea. Besterik ez da. Sasoi batean Yahoo, Infosek, eta Excite ere horrelakoak ziren, baina gaur egun saltegien itxura handiagoa dute bilatzailearena baino. Google-ren bilatzeko sistema logikoak aditu gehienen onarpena jaso du. Gehienetan bilatzen dena ondo aurkitzen omen du. Helbidea: www.google.com.

8) OMIKRON

Ordenagailuetako beste joko bat. 400 agertoki baino gehiagotan joka daiteke.

9) LINUX

Windows ordezka dezakeen sistema eragilea. Harekiko abantailak ditu, erabiltzaile bakoitzak konpon baititzake programazioan agertzen diren akatsak; beraz, askoz ere gutxiagotan egiten du huts. Microsoft-en kontrako epaia atera zenetik, Linux benetako aukera bihurtu da.

10) THE ONION

On line aldizkaria. "Tipula" aldizkari satirikoa. Izugarrizko arrakasta lortu du. Horretaz gain, best seller-a ere argitaratu dute "Gure mende leloa" izeneko liburua. Web orrialdearen helbidea, honako hau: www.theonion.com.

Horiek guztiak Time aldizkariak teknologia alorrean azpimarratu dituenak. Dena den, aldizkaria ez da horretara mugatu, eta urteko gertakaririk okerrenaren berri ere ematen du: Melissa birusa. Birus informatiko honek joan den apirilean 300 enpresaren sare informatikoa infektatu zuen.

1999ko zientziako onenak

1) Mallory

Everest-en galdu zenetik ia 75 urte iragan direnean George Malloryren gorpua agertu zen gailurretik 600 metrora. Hala ere, oraindik ez da jakiterik izan Mallory gailurrera iritsi zen edo ez.

2) Kode genetikoa

Genetikoki sortzen diren gaisxotasunak noizbait sendatzeko lagun dezakeelakoan, zientzialariek ADNa ezagutzeko deskodetze-lanean jarraitzen dute. 2003 urterako gizakien 120.000 geneen kodea ezagutu ahal izango dela diote.

3) Kometen atzetik

Zientzialari batzuen ustez kometak bizitzaren jatorria izan daitezke. Horregatik Estatu Batuek iaz Stardust zunda jaurti zuten espaziora, 2004. urtean Wild 2 kometarekin bat egingo dezan. Zundak kometaren atzealdeko hautsa eta birusen bat edo beste jasotzea du helburu.

4) Super arratoia

Princeton Unibertsitateko, MITeko, eta Washington Unibertsitateko ikerlariek arratoi baten ADNa eraldatzea lortu eta gero, arratoiaren ikasteko gaitasuna eta oroimena gehitzea lortu zuten. Arratoiak eta gizakiak ez dira berdinak, baina ikerketaren ondorioz gizakien adimena gehitzeko teknika eskuratzen bada, etorkizunean ez da erraza izango eskolako lehenengoa izatea.

5) Itxaropena

Alzheimer-en gaixotasuna dutenentzat. Kaliforniako Amgen bioteknologia-enpresakoek uste dutenez, Alzheimer-en gaitza eragiten duen entzima identifikatzea lortu dute. Sendakuntza urruti dagoen arren, zahartzaroan eragin handia duen gaitz horri aurre egiteko itxaropena zabaltzen du.

6) Mini dinosaurua

Orain arte aurkitu den dinosaururik txikienaren aztarnak agertu ziren Madagaskarren. Dinosauruak 230 milioi urte izan zitzakeen gutxi gorabehera, eta itxura guztien arabera tamainaz kanguruen parekoa izango litzateke eta bi hanken gainean egoteko gai zen.

7) Zelulak gaizto bihurtzen

Minbizia zelulak kontrolik gabe ugaritzen direnean gertatzen da. 1983. urtean MITeko ikerlariak arratoien zeluletako geneak gaizto bihurtzea lortu zuten. Iaz gauza bera egin zuten, baina gizakien zelulekin. Zergatik, ordea? Ba, minbizia eragiten duten zelulak sortzeko gai izanez gero, baliteke bihar edo etzi prozesua kontrako norabidean egiteko gai izatea.

8) Heriotza gailurrean

Argentinako Andeetako Llullaillaco mendiko gailurrean Johan Reinhard arkeologoak inkek egiten zituzten sakrifizioen arrastoak aurkitu zituen: bi neskatoren eta mutiko baten gorpuak. Dirudienez, bizirik lurperatu zituzten. Aztarnek 500 urte inguru dituztenez eta oso egoera onean daudenez, ikerketa egiteko aukera ematen dute.

9) Grasari stop

Orlistat, gizentasunaren aurkako botika. Koipearen digestioa eragiten du, baita haizeak ere, baina ez gizentzeko balio dezake.

10) Sormenaren habia

Albert Einstein zergatik izan zen hain argia? Kanadako ikerlari batzuen arabera, adimenaren muina burmuinaren behealdean dago. Einsteinek ohikoa baino handiagoa omen zuen eta horregatik zen hain argia.

Eta txarrena? Horretan Time-ekoek -ezta beste askok ere- ez dute dudarik: Marteko abentura. Azken urteotan NASAk Martera egin zituen saiakerak guztiz arrakastatsuak izan ziren -Sojourner lekuko- baina iazkoa oso esperientzia txarra izan zen. Lehenik Mars Climate Orbiter galdu zuten irailean eta, beharbada haren ondorioz, Mars Polar Lander abenduan.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia