}

Iazkoari begira: 2005. urtea zientzian

2006/01/30 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Dagoeneko 2006. urtean gaude, bete-betean. Hala ere, ez da komeni iaz gertatutakoa ahaztea, iraganetik asko ikas baitaiteke. Zientziari dagokionez, 2005ean hainbat albiste izan ditugu, eta eztabaidak ere ez dira falta izan. Esate baterako, Science zientzia-aldizkari ospetsuak eboluzioa aukeratu du 2005eko gai nagusitzat; eta eboluzioaz gain beste bederatzi gai ere sartu ditu zerrenda batean. Hala, 2005eko hamar gai garrantzizkoenen zerrenda bat osatu dute.

Ez da harritzekoa gai nagusitzat eboluzioa hartu izana, batez ere, kontuan izanda Science aldizkaria Estatu Batuetan argitaratzen dela; izan ere, han, eztabaida pil-pilean dago: eboluzioa eskoletan irakatsi behar den edo ez — Charles Darwinen aurkikuntzetatik abiatuta—, eta, batez ere, nola irakatsi behar den.

Astronomian, NASAk Saturnora bidalitako Cassini-Huygens misioa jo dute 2005eko gai nagusitzat.
NASA

Iazko urteari begira bakarrik ez, gainerakoan ere eboluzioa zientzia-gai funtsezkoa da; izan ere, gaur egungo biologiaren oinarria da. Eta Science aldizkarian, polemika aipatzeaz gain, eboluzioarekin zerikusia duten aurkikuntza nabarienak ere aipatu dituzte urtean zehar; hala nola, txinpantzearen genoma deskodetu dutela, txinbo kaskabeltzarekin egindako ikerketa —txori honen populazioak banatu egiten dira ugalketa-garaian, batzuek iparraldera jotzen dute eta besteek hegoaldera; hala, belaunaldiz belaunaldi bereizita ugaldu direnez, bi espezietan banatu da txinbo kaskabeltza—, hegaztien gripea, HapMap proiektua ( giza haplotipoen mapa ) eta abar...

Ikusten denez, eboluzioa eta genetika uztartzen dituzten ikerketak dira horiek. Horrek erakusten du zer lagungarri den genetika espezieen eboluzioaren ikerketan.

Klimaren aldaketa 2005eko gai nagusien artean sartu dute Science aldizkarian.

Genetikak, bestela ere, hainbat aurrerapen ekarri dizkio zientziari 2005ean, eta, batzuk aipatzekotan, gaixotasun neurologikoekin zerikusia dutenak aipatu dituzte. Esate baterako, eskizofrenia gene batekin lotu dute, eta, horrez gain, ikusi dute Tourette-ren sindromearekin (nerbio-tikak) lotutako geneek dislexiarekin ere zerikusia dutela.

Denetariko gaiak

Astronomia urtero izaten da protagonista; 2005ean ere izan da, noski. Une honetan NASAk duen misio handiena Saturnori dagokio: Cassini-Huygens zunda Saturnora iritsi zen iaz, eta planeta bera eta Titan ilargia aztertzea du helburu.

Klima-aldaketa ere ezin alde batera utzi. Nabarmentzekoa da Science aldizkariak hamar gai nagusienen artean sartu izana; izan ere, Estatu Batuetako zientzialarien ikuspegia erakusten du: gobernuak ofizialki ez du onartu nahi berotze globala badela, baina zientzialariak ez dira hain eszeptikoak , antza. Dena den, iaz agintarien jarrera aldatzen hasi zen, eta hori aipatzea komenigarri ikusi dute.

Lorea landareen ugalketa-organoa da, oso egitura konplexua; loratzearen gaineko ikerketa ugari izan zen iaz.

Bestalde, loratzearen kimika urteko hamar gai nagusien artean sartu dute. 2005ean landareen loratzearekin zerikusia duten hainbat aurkikuntza egin ziren: landareak nola erabakitzen duen noiz loratu , horri dagozkion seinale genetikoak, hormonak eta abar.

ITER proiektua ere sartu dute zerrendan, iaz erabaki baitzen Frantzian egingo dutela egoitza, Cadarache-n; eta, beraz, Europan egingo dutela fusio-energiarekin zerikusia duen proiektu erraldoia , eta ez Japonian.

Gai horiez gain, beste batzuk ere badira: neutroi-izarren eztandak , zelula-sareen funtzionamendua, Lurraren sorrera eta zeluletako potasio-kanalak.

Beraz, genetika, astronomia, eboluzioa... izan dira 2005eko gai nagusiak. Ziur gai horietako asko eta asko 2006 urtean ere hizpide izango direna.

7K-n argitaratua.