Ibai-izurdeen eta baleen arteko senidetasuna
2001/03/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Ikerketa horren emaitza beste azterketa morfologiko eta molekular batzuekin bat dator. Horien arabera, itsas ugaztun horzdunen senidetasun-erlazioa uste zena baino korapilatsuagoa da. Esate baterako, balea horzdunak eta katxaloteak ozeano zabaleko ur sakonetan bizi dira eta txibiak jaten dituzte, baina beren fosilen arabera, ez dirudi arbaso berdina izan zutenik. Bestalde, beren bizilekuak diren ibaien (Ibai Urdina, Amazonas, Ganges, La Plata) izeneko izurdeekin duten erlazioa ere zalantzan jarri da.
Zuhaitz genealogikoa argitzeko, Tokioko Teknologia Institutuko ikertzaileek 14 zetazeo-espezieen ADN-laginak bildu eta genoman ausaz tartekatutako ADN-zati errepikakor txikiak identifikatu dituzte. Horrela, balea, izurdea eta mazopa bata bestetik aldentzen dituzten sekuentzia egin dute. Diotenez, ordena hau litzateke: katxaloteak, Gangesko izurdeak eta balea horzdunak, eta horien ondoren gainerako itsas eta ibai-izurdeak.
Hala ere, ikertzaile batzuek ez datoz Tokioko Teknologia Institutukoek diotenarekin bat. Adibidez, Christian de Muizon, Parisko Historia Naturaleko Museo Nazionaleko paleontologoa, ez dago ados Gangesko izurdearen kokapenarekin. Gangesko izurdearen fosilen aztarna batzuek japoniarren ondorioa sendotzen badute ere, froga gehienak balea horzdunetatik eta katxaloteetatik genetikoki hurbilago daudela adierazten dute. Dena dela, ikerketa berriaren emaitzak kontuan hartzekoak direla eta espezie horien arteko erlazioak berriro aztertu beharko liratekeela uste du Christian de Muizon-ek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia