}

Ibai-kanalizazioak direla eta

1994/03/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken egunotan Europa osoan uholdeek sortutako kalteen zein hildakoen berri izanda, inoiz baino indar handiagoz etorri zait burura Euskal Herrian aspaldidanik burutzen ari den ibaiekiko politika.

Euskal Herriko ezaugarri geomorfologikoak direla eta, giza finkalekuak betidanik bailara guneetan egin dira. Hala ere, fenomeno hau areagotu egin da mende honen bukaeran; bizi izan dugun industrializazio-prozesu azkar eta planifikazio gabekoak gure ibai-lurmen eta erribera ugari betetzera bultzatu baitu. Ekintza hauetarako eta ura sar ez dadin, gure ibaiek sekulako kanalizazio basatiak izan dituzte, guztiak ekologi aldetik inolako begiramenik gabe burutu direlarik.

Ezin dugu ahaztu ikuspegi ekologikotik ibaia ezin dela bere erriberako basoetatik bereizi; hauek baitira, besteak beste, uretako bizidunen elikagai-iturri nagusi. Dena den, bere garrantzia ez da elikagai-iturri izatera mugatzen; ekosistema hauetan erriberako basoek beste hainbat eginkizun garrantzitsu betetzen baitute, hala nola nitrogeno atmosferikoa eskuratzea, erriberak finkatzeko gaitasuna lortzea, tenperatura aldaketekiko jasankortasun txikiko espezieak agertaraztea, uretako zein lehorreko ornogabe-espezie ugari egotea erraztea eta agente poluitzaileekiko askoz ere depurazio-gaitasun handiagoa edukitzea.

Orain arte aipatutako guztia kontutan hartzen bada, edozeinek ulertuko du gure ibai eta errekak errekuperatzeko ahaleginetan nekez ari garela, lan horietan ertzak berreskuratzea alde batera uzten bada. Bultzatzen ari diren depurazio-lanek —egitura naturala leheneratzeko ahaleginarekin batera egiten ez badira— lortuko duten gauza bakarra urak garbi itsasoratzea izango da, baina inoiz ez dute gure ibai eta erreketako bizia berreskuratuko.

Ba, ulertzea hain zaila ez izan arren, badirudi gure erakundeetako arduradunentzat ikaragarria dela. Izan ere, ibai-kanalizazioen politika erabat baztertu beharrean, gogoz bultzatzen ari baitira.

Politika hau defendatzeko erabili ohi duten argudio nagusia, kanalizazioek uholdeetatik babestu egiten gaituztela dioena da. Baina beren ibaiak erabat kanalizatuta dituzten hainbat herritan gertatutako ur-gainezkatzeek errealitatea bestelakoa dela frogatu dute.

Ildo honetan ekologiak zeresan handia dauka; ibaiak bere erriberetako basoak eta ibai lurmenak mantendu baditu, uholde-garaian ur-kantitate handia xurgatuko baita, ertzetako landarediaren bitartez ibaian behera doan ur-kopurua txikiagotuz. Hormigoizko horma batek ezingo du inoiz landareek duten eginkizun garrantzitsu hau bete, eta horrela ura beherantz joango da, uholdearen eragina handiagotuz.

Gainera, ezin da ahaztu gaur egungo uholdeek inoiz baino kalte handiagoak sortzen badituzte gure mendietan azken urte hauetan izan den deforestazio gogorrarekin harreman zuzena duela. Horregatik, uholdeen aurka borrokatzeko egin beharko litzatekeen lehenbiziko lana, berroihanketa-plangintza serioa litzateke nire ustez.

Hala ere, erakundeetan, sekulan ikuspegi ekologikoa kontutan hartu ez duen injineruaren mentalitatea da nagusi, eta orain arte alferrikakoa izan da gure ordezkari politikoek kanalizazioak baino modu originalagoak, eraginkorragoak eta ingurugiroarekiko errespetu handiagoa erakusten dutenak erabiltzeko egindako lan guztia.

Bitartean, gure ibai eta erreketako tarte ugari kanalizatu egin dira, hauek berreskuratzea gero eta zailagoa delarik.

Egitura naturala mantendu duen errekaren bat ezagutzen baduzu, joan zaitez lehenbailehen bere haltzadien freskotasunaz eta bere ur garbi eta biziez gozatzera; ez baitu luzaro horrela iraungo.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia