}

Ibis ermitaua aztertuta, V-itxurako hegaldiaren biomekanika argitu dute

2014/01/16 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ibis-ermitaua-aztertuta-v-itxurako-hegaldiaren-bio
Ibis ermitauak hegan, formazioan. Arg. Markus Unsöld

Hamalau Ibis ermitau basatik (Geronticus eremita) osatutako taldea aurkitu eta, lehen aldiz, monitorizatu egin du nazioarteko ikertzaile-talde batek. Austrian eta Italian egin dute ikerketa. Ohi denez, hegazti migratzaileen taldeak V-itxurako formazioa zeraman hegan egitean. Nature aldizkarian argitaratutako artikuluaren arabera, ikertzaileek 43 minutuz hegazti guztien posizioa, abiadura, norabidea, eta hegadak aztertu dituzte.

Ondorioa?  Uste, susmatu eta espero zitekeena: V-itxurako formazio horren bidez, hegaztiek energia aurreztea lortzen dute. Egin den behaketa-lanean, ikertzaileek ikusi dute hegan egiteko orduan, hegaztiek gorputza posizio jakin batean jartzeaz gain, sinkronizatu egiten dutela hegaden mugimendua. Hegaztiek taldean egiten dute hegan, baina sarritan banan-banako mugimenduak egiten dituzte, tokiz aldatzeko eta hegada egokitzeko, ahalik eta abantaila aerodinamiko onena lortu arte.

Artikuluak dioenez, V-itxurako formazioan hegan egiterakoan, atzean joaten diren ermitau basatiek modu sinkronizatuan mugitzen dituzte hegoak, eta horrela aurrean joaten den hegaztiaren bulkadaz ere baliatzen dira. Izan ere, hegazti batek hegan egiten duenean lorratz bat uzten du. Apur bat atzerago baina pare samarrean jartzean, atzean doan hegaztiak aurrekoan bulkada jasotzen du. Aldiz, aurre aurrean taldea gidatuz joan ohi den hegaztiaren atzean doazenen hegada ez da sinkronizatua izaten; horrela, aurrekoaren hegadaren ondorioz eratzen den beheranzko aire-korrontea saihestea lortzen dute.

Ikerketa egin dutenen arabera, ermitau basatiek ingurukoen hegadek sortzen dituzten aire-turbulentziak aurreikusteko gaitasun handia dute.

Orain arte, V-itxurako hegaldien inguruko eredu teorikoak egin izan dira behin baino gehiagotan, baina frogatu gabe zegoen hegazti basatiekin. Ikerketan Erresuma Batuko Royal Veterinary Collegek, Estatu Batuetako Washington unibertsitateak, Austriako Waldrapp erakundeak, Alemaniako Humboldt unibertsitateak, Londresko unibertsitateak, eta Oxfordeko unibertsitateak hartu dute parte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia