Galileo, espazioko kamikazea
1990/01/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa | Barandiaran, Mariaje Iturria: Elhuyar aldizkaria
Atlantis transbordadore espazialak bere barnean eraman zuen Galileo Lurretik 300 km-ko orbitara. Astronautek zunda askatu eta transbordadorea zundatik arriskurik gabeko distantziara urrundu zuten. Orduan, Galileoren erregai solidozko motoreak piztu eta Jupiterrerainoko bidaia luze eta konplexuaren lehengo urratsa arrakastaz bete zen. Bidaia oso konplexua da eta zeru-mekanikaren muinak birrintzeraino zukutu dira Jupiterrerainoko ibilbide zehatz eta merkea aurkitzeko.
Galileok Atlantisa eta gure planeta utzi ondoren Artizarrerako bidea hartu du; Jupiterrera joatekoaren aurkako bidea alegia. Otsailaren 9aren inguruan Artizarreko orbita gurutzatuko du planetatik 19.000 kilometrora. Artizarren eremu magnetikoaz baliatuz abiadura handiagotuko du eta Lurraren orbitarantz abiatuko da. Guganaino abenduaren 8aren inguruan iritsiko da eta planeta urdinetik 3.600 km-ra igaroko da. Lurraren bulkada grabitatorioak Eguzkiaren inguruan bira eginez asteroideen gerrikoraino bidaliko du orbita eszentriko bati jarraituz. Asteroideen gerrikotik Lurreraino etorriko da berriro, oraingoan 300 km-ra soilik igaroko delarik (1992ko abenduaren 8an). Bigarrren pasaldia egin ondoren Jupiterreraino iristeko nahikoa indarra izango du eta harantz zuzenduko da 1995.eko abenduaren hasieran ailegatzeko.
Traba guztien gainetikGalileo misioak hasiera-hasieratik traba eta oztopo ugari gainditu behar izan ditu eta istiluek eta arazoek jaurtiketa-egunerarte iraun dute. Galileo proiektuaren burutzea lau bider jarri izan da zalantzan eta gainera zazpi aldiz aldaketa garrantzitsuak izan ditu bere diseinuak.
Galileo aurrera eramatea 1977.ean erabaki zen. Hasiera batean aurrikusi zen jaurtitze-data 1982. urtea izan zen. Arazo teknikoek, aurrekontuen murrizketak eta Challengeren (transbordadore honek jarri behar zuen Galileo orbitan) istripuak dute atzerapenaren errua.
Gainera azken unean ere polemika garratza egon da Galileori buruz. Jaurtiketa ez egitearen posibilitatea Floridako epaileen esku egon da. Arrazoia: zenbait ekologistek jarritako salaketa, zundaren energi iturri erradioaktiboa medio
Misioak bi zati nagusi ditu: alde batetik Jupiterrera ailegatu artekoa eta bestetik planeta erraldoian egin beharrekoa. Gainera, sistema jobiarrera iritsitakoan bitan banatuko da Galileo. Zati bat, kamikaze moduan jokatuz, Jupiterren atmosferara barneratuko da eta hau esploratuko du gasen presio izugarriek hondatzen duten arte. Beste zatia planetaren orbitan jarriko da eta hau eta bere lau satelite galilearrak (Io, Europa, Ganimide eta Kalisto) ikertuko ditu.
Bidaian zehar Galileok aurkituko dituen astroak aztertuko ditu batetik eta espazioartea bestetik. Artizarren ingurutik pasatzean planetaren goi-atmosferaren termodinamika ulertzen lagun dezaketen datuak bilduko ditu eta artizarreko atmosferan ur-lurrinak zein banaketa duen aztertuko du.
Asteroideen gerrikotik igarotzean bi, Gaspra eta Ida izenekoak alegia, gertutik ikertzeko aukera izango du.
Espazioartean dabilelarik, hidrogeno-fluxua eta hautsaren masa, abiadura eta dentsitatea neurtuko ditu besteak beste.
Erraldoiaren erraietanJupiterren atmosferaren in situ azterketa da ezpairik gabe misio honen atalik deigarriena. Galileok Jupiterrera iritsi baino bost hilabete lehenago, ibilbide balistiko bati jarraituko dion zundatxo bat igorriko du planetarantz. Zundatxoak Jupiterren goi-atmosferara iristean 48 km/s-ko abiadura izango du. Presioa 0,0001 barrekoa izango da, Lurreko gainazalarenaren hamarmilarena hain zuzen ere. Atmosferaren marruskadurak zundaren abiadura balaztatuko du soinuaren abidura izan arte. Orduantxe, dituen babes termikoak askatu eta jausgailua ireki egingo da. Hodeien gain aldean egongo da eta presioa 0,08 barrekoa izango da.
Hirurogeitamahiru minututan zehar zundak beherantz egingo du hodei-geruzak zeharkatuz. 130-150 km bitartean jaitsiko da. Orduan presioa oso handia izango da, 25 bar ingurukoa, eta zunda betirako hondatuko da. Bien bitartean, planeta inguratzen ari den zatiari jasotako datuak igorriko dizkio eta honek Lurrera berrigorriko ditu.
Zunda kamikazeak hiru hodei-geruza zeharkatuko dituela espero da. Lehenengo geruza amoniakoz osatuta omen dago, bigarrena amonio hidrogenosulfuroz eta hirugarrena urez.
Erraldoiaren inguruanGalileoren beste zatia Jupiterrera iritsitakoan planeta orbitatzen hasiko da. Zati honen helburuetako bat lau satelite galilearren morfologia, egoera fisikoa eta higidura aztertzea da. Kontutan hartu behar da Voyager eta Pioneer zundak baino gehiago hurbilduko dela eta haien esperientzia kontutan harturik ekipamendua bereziki diseinatuta daramala. Beraz oso datu interesgarriak lortuko direla espero da.
Bestetik, Jupiterren eremu magnetiko bortitza aztertzea itua ere bada. Erraldoiaren eremu magnetikoa Eguzkiarenaren ondoren handiena da gure planeta-sisteman. Jupiterren magnetosferak, eremu magnetikoaren ondorio denak, negar-malkoaren itxura du eta bere erradioa Jupiterrena baino 50 bider handiagoa da. Eremu magnetikoa, Jupiterren gunean kondentsaturik dagoen hidrogenoak egitura metalikoa hartu duelako sortu dela uste da.
Galileo misioa hasi besterik ez da egin. Sei urte luze ditu aurrean bere ituraino ailegatu aurretik. Berari buruz gehiago mintzatzeko aukera eta tenorea izango dugu bada aurrerantzean.
ERRADIOISOTOPOZKO SORGAILUAK
Eguzkitik 817,1 milioi km-ra, Jupiterren orbitan, Galileok ez ditu eguzki-panelak erabiliko energia lortzeko. Erradioisotopoez baliatzen diren sorgailu bi erabiliko ditu energi hornikuntzarako.
Eguzki-panelak erabiltzea bazegoen, baina 200 m2 beharko liratekeenez, hots 500 kg gehiago, alde batera utzi ziren. Horrexegatik diseinatzaileek plutonio-238-(IV) oxidozko pastilak erregai moduan erabiltzen dituzten bi sorgailu asmatu zituzten. Sistema guztiak 22 kg bakarrik pisatzen ditu.
Ez da hau espazioan erradioisotopoak erabiltzen diren lehenengo aldia. NASAk esaterako, Ilargian plantatzen zituen ALSEP tresna-kitetan erabili zituen eta sobietarrek maiz erabili dituzte sorgailu erradioaktiboak. Kalkulatu denez, sobietarrek 1.880 kg erregai erradioaktibo jarri dituzte dagoeneko espazioan.
Amerikar ekologisten beldurra, jaurtiketan zehar leherketa gartatzea eta plutonioa lurrazalean barreiatzea zen. Kontuan izan behar da plutonioa oso erradioaktiboa izateaz gain pozoitsua ere badela.
Dena den, NASAk neurri bereziak hartu ditu istripu-kasuan plutonioa ez barreiatzeko. Plutonioa ez dago hauts moduan; pastila zeramikotan bildurik baizik. Horrela leherketa gertatuz gero oso nekez bilaka daiteke hauts edo gas arnasgarri.
SATELITE GALILEARRAK
Jupiterren lau sateliterik handienen multzoari satelite galilear esaten zaio beren aurkitzailearen ohorez; Galileoren omenez alegia. Lau dira guztira: Io, Europa, Ganimide eta Kalisto.
Kalisto-
Bere gainazala inpaktu-kraterrez josia dago eta ez dago Ilargiko maria-en antzeko eskualde leunik. Beraz, barne-aktibitaterik izan duenik ez dirudi. Bere erradioa 2.410 km-koa da.
Ganimide-
Ilargiaren antza handiagoa dauka; inpaktu-kraterrez jositako eskualdeak eta eskualde leunagoak nahasirik agertzen bait dira. Eskualde leunagoetan, arrakaldura asko dago. Bere erradioa 2.638 km-koa da.
Europa-
Honen gainazalak ez du besteenarekin zerikusirik. Ez dago ia inpaktu-kraterrik eta izotzez estalia dago. Inpaktu-kraterren kopurua Lurreko zona kontinentalarenaren parekoa da eta beraz Europaren gainazala oso gaztea dela pentsa daiteke. Barneari omen darion urak eman dakioke Europari leuntasuna. Bere erradioa 1.563 km-koa da.
Io-
Io aktibitate etengabean ari den satelitea da. Izugarrizko sumendiak ari dira jotake lanean. Voyagerak 1979.ean pasatu zirenean 10 sumendi ari ziren su eta gar lanean. Ion bezalako aktibitate tektonikoak ez du gure sisteman parerik. Bere erradioa 1.816 km-koa da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia