}

Galileo zundaren misterioaren aurkikuntza

2001/03/27 Elhuyar Zientzia

NASAk Jupiter eta bere sateliteak gertutik ikertzeko Galileo zunda espazioratu zuen 1989ko urriaren 18an. Bidaia luzea egin eta Jupiterren sistemara 1995eko abenduan hurbildu zen. Planetaren inguruko orbitan sartu eta argazkiak eta datuak jasotzen hasi zen, besteak beste, irudian ikus dezakegun Jupiterren orban handiarena.

Zundaren kokapenaren erreferentzia izateko, Delta Velorum izarra aukeratu zen. Ipar-izarra baino izar distiratsuagoa da; izan ere, zeruan dauden 50 izar distiratsuenetako bat da. Hala ere, zundak izarraren irudia galdu zuen. NASAko teknikariek, zundaren akatsen bat izango zelakoan, bilatzen hasi ziren. Izarren eskanerra ongi zebilen eta ez zen inolako tresna hondaturik aurkitu. Azkenean, NASAko JPLko Paul Fieseler ingeniariaren ondorioa arazoak izarrean egon behar zuela izan zen.

Zundak daraman tresna bat izarraren jarraipena egiteko programatuta dago, baina jarraipena izarraren distiran oinarritzen da. Izarra desagertu zenean, Fieseler-ek distira aldakorreko izarren zerrenda begiratu zuen eta Delta Velorum ez zegoen han. Hego-hemisferioko astronomo amateurren laguntzarekin, izar horrek zerrendan egon behar duela aurkitu zuen Fieseler-ek. Emaitzak Nazioarteko Astronomia Batasuna erakundeak argitaratu zituen.

"Distira aldakorreko izarrak ohikoak dira, baina ezustekoa izan da hain izar distiratsua aldakorra izatea eta inork horren berririk ez ematea" dio Fieseler-ek. Ingeniariak izarrari buruzko datuak eskatu zituen Interneten mezu elektroniko baten bidez eta Buenos Aireseko Sebastian Otero astonomo amateurrak distira-galera hori lau aldiz ikusi zuela erantzun zion.

Galileo zunda ez zen izarrak ikertzeko diseinatu, baina Otero eta Erresuma Batuko Christopher Lloyd astronomoek zundak arazoak izan zitueneko datuak erabili zituzten hurrengo bi distira-galerak iragartzeko. Hego Amerikako, Afrikako eta Australiako astronomoen behaketak baieztatu zuten iragarpena ona zela.

Delta Velotum gutxienez bost izarren multzoa da eta, beraz, distira-galerak kokapen erlatiboaren araberakoak dira. Oraingo ikerketan aurkitu da distira handiena ez duela izar batek ematen, elkarren inguruan orbitatzen ari diren bi izarrek baizik. Bien arteko eklipseak eta, beraz, distira-galerak orbitaren peridiodotik iragar daitezke.

Galileo zunda ohiko distira harrapatzeko programatua zegoen. Arrastoa galdu izan ez balu, ez genuke aurkikuntza berririk izango. Distira-aldaketa txikia da, baina 45 egunean behin gertatzen da eta ordu batzuk irauten du. Orain arte inor horretaz ez konturatu ez izana harritzekoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia