Galileoren azken lanak
2002/01/17 Elhuyar Zientzia
Galileo zunda 1989an espazioratu zuen NASAk, eta 1995az geroztik Jupiter eta haren satelite handienak ikertzen ibili da, Io, Europa, Ganimedes eta Kalisto. NASAk haren lanak amaitutzat eman ditu eta 2003ko irailean Jupiterren kontra suntsituko dutela iragarri du. Guztira 14.000 argazki inguru hartu ditu, Galileo-k eta hainbat eta hainbat aurkikuntza egiteko bide eman du.
Urtarrilaren 17an Iotik 100 kilometrora igaro da, hurbil-hurbileko argazkiak egin eta haren grabitatearen bultzada aprobetxatuz, Jupiterrerako bidean jartzeko. Galileo-k 33 bira eman dizkio Jupiterri, zazpi bider egon da Iotik hurbil eta, orotara, 27 bider Europa, Ganimedes eta Kalistoren inguruan. Aldiro, misioaren arduradunak sateliteen grabitateaz baliatzen ziren ontziaren ibilbidea aldatu eta hurrengo helburura bidean jartzeko. Baina haren antena Lurrera begira jartzeko beharrezko erregaia agortzear dago, eta NASAko ikertzaileek ez dute inolaz ere ontzia kontrolik gabe geratzerik nahi. Izan ere, Europa satelitean erortzeko aukera txikienik ere ez diote eman nahi.
Galileori esker, Europaren izotzezko geruzaren azpian ur gazizko ozeano likidoa dagoela atzeman dute zientzialariek eta, etorkizunean egin daitezkeen ikerketei begira, Europa garbi gorde nahi dute. Horregatik, Jupiterrera eramango dute, haren atmosferan suntsi dadin.
Baina Jupiterren kontra suntsitu aurretik, Galileo-k Amaltea bisitatuko du lehen aldiz, Jupiterren barnealdeko satelite txiki bat eta, gero, Jupiterreko ekaitzak aztertuko ditu. Azken unera arte, beraz, lanean jarraituko du.
Zientzialariak apur bat triste daude Galileo-ren lanak amaitutzat emango direlako, baina aurreikusitako denbora baino hiru bider gehiago egon da martxan, eta Jupiterren erradiazio bortitza uste baino askoz luzaroago jasan du.
Galileo misioari buruzko nahi beste informazio aurkituko duzu NASAren web gunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia