Igel bitxiak Papua Ginea Berrian
2002/08/08 Elhuyar Zientzia
Lyophryne shlaginhaufeni eta Sphenophryne cornuta igelak oso espezie bitxiak dira. Kumeen garapenean ez dute zapaburu-faserik, hau da, arrautzetatik zuzenean igel ñimiñoak jaiotzen dira. Izan ere, Papua Ginea Berria ez omen da oso toki aproposa zapaburuentzat.
Hori esan du, behintzat, Miamiko Unibertsitateko David Bickford biologoak. Igel horien hazkuntza aztertu du, eta ezohiko jarrera behatu du anfibio horietan. Esate baterako, aitak hartzen du kumeak zaintzearen ardura. Bickforden arabera, hori ez da maiz ikusten naturan.
Igeltxoek aitaren bizkarrari eusten diote, eta horrek gutxienez astebetez garraiatzen ditu basoaren toki batetik bestera. 28 kume izan ditzake aitak bizkar gainean. Gero, han eta hemen, kumeak askatu egiten dira bakoitzak bere bizitzari aurre egiteko. Non eta noiz askatu behar duten nola dakiten ez dago argi, baina ematen du senak gidatuta erabakitzen dutela.
Argazkia ilun samarra bada ere, igel arrak gainean daramatzan 22 igeltxoetatik 11 ikus daitezke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia