}

Habilis eta erectus garaikide

2007/08/09 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakiaren generoko arbasorik zaharrenak dira Homo habilis eta Homo erectus, eta orain arte uste izan da bigarrenak lehenengotik eboluzionatu zuela; baina uste hori zalantzan jarri du Kenyaren iparraldean egindako Koobi Fora Ikerketa Proiektuaren baitako aurkikuntza batek.

Aurkikuntza bikoitza da: Homo habilis baten barailezur bat eta Homo erectus baten garezur oso bat aurkitu dituzte. Biak garai bertsukoak dira: duela milioi bat eta laurehun eta berrogei mila urtekoa baraila, eta duela milioi bat eta bostehun eta berrogeita hamar mila urtekoa garezurra. Bada, Homo habilis desagertua zela uste zuten garaikoa da barailezurra, eta, hortaz, H. habilis eta H. erectus garai berean bizi izan zirela erakusten du (luze, gainera, milioi erdi urtez edo). Hautsak harrotuko dituen aurkikuntza bat da, zalantzarik gabe.

Baina, esan bezala, aurkikuntza ez da hor geratzen. H. erectus-aren garezurraren tamainari erreparatu diote; izan ere, orain arte aurkitutakoak askoz handiagoak dira (irudian, Tanzanian aurkitutako batekin duen aldea ikusten da). Eta, proiektuan lan egiten duten adituen esanean, tamaina-diferentzia hori azaltzeko aukera bakarra dimorfismo sexuala da: emeak arrak baino askoz txikiagoak ziren. Ezaugarri hori oso primitiboa da, eta, egiazkoa bada, H. erectus espeziea gizakitik uste baino urrunago dagoela erakutsiko luke.

Argazkia: Kenyako Museo Nazionalak / F. Spoor and J. Reader.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia