}

HIES birusaren eramaile diren umeentzako egoitza

1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

HIESaren antigorputzekin jaiotako umeentzat mundu osoan zehar egokitutako lehen etxeak bere ateak zabaldu ditu Washington-en.

Iniziatiba hau marjinatuen taldeei eskainitako laguntzen alorrean esperientzia eta eskarmentu handiko bi mojen eskutik bideratu da.

Oraingoz lau bakarrik dira “Amonaren Etxea”n (Grandma’s House) hartutako umeak; guztiak aurretik ospitale edo erakunde publikoetan abandonatuak izan zirenak.

Giza Inmunoeskasiaren Birusaren aurkako antigorputzak dituzten umeentzat, bizitzako lehen hamabost hilabeteetan bada oraindik aukerarik beren egoera aldatzeko; denboraldi honetan desagertuko diren antigorputzak izan bait daitezke amarengandik hartuak. Baina epe honen ondoren antigorputz horiek analisietan agertuz jarraitzen badute, umeak “bereganatu” dituenaren eta eramaile kroniko bihurtu denaren seinale da eta eritasuna garatzeko aukera handiak daude. HIESaren antigorputzak dituzten umeak beren adin kronologikoari dagokion baino tamaina txikiagokoak izaten dira, eta beren gaitasun motoreak ere oso gutxituak egoten dira.

Amonaren Etxearen helburua, bere sustatzaileen eritziz, ume hauei familia normal baten antzeko giroa eskaintzea da, eta horregatik hartu dira horren ume gutxi. Behin hamabost hilabeteak pasa ondoren umeak antigorputz-eramaile izaten segitzen badu, egoitza horretan jarraitzea pentsatzen da, beretzat egokiagoa izan daitekeen beste irtenbideren bat aurkitzen ez den bitartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia