}

Hubble espazio-teleskopioa, zure esanetara

2009/02/22 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Astronomiaren Nazioarteko Urtean sartuta gaudela eta, Hubble espazio-teleskopioa kudeatzen duen taldeak erabaki du herriak aukeratzea zein izango den teleskopioaren hurrengo betebeharra. Espazioko sei objektu jarri dituzte hautagai beren webgunean, eta, jakina, boto gehien jasotzen dituen horrengana zuzenduko dute Hubble . Edonork eman dezake botoa.
Hubble espazio-teleskopioaren hurrengo misioa erabakitzea zure esku egon daiteke.
NASA

Hautagai jarri dituzten sei gorputzei ez die sekula begiratu Hubble k. Hortaz, bereizmen txikiko irudiak baino ez dituzte erakutsi lehiaketaren antolatzaileek; txikiak eta zuri-beltzean ateratako irudiak dira. Hubble k horietako bakar bati begiratuko dio, eta, orduan bai, askoz xehetasun handiagoko irudiak emango ditu. Koloretako irudiez gainera, astronomoei oso baliagarria zaien informazioa lortuko dute Hubble ren irudietatik.

Sei hautagai, hiru talde

Hiru taldetan bana daitezke proposatu dituzten hautagaiak. Lehenengo taldean, argazki bakarra dago, eta izarrak sortzen direneko eremu bat da; gasezko eta izarrarteko hautsezko hodei erraldoi bat, guregandik 5.500 argi-urtera dagoena. Horrelako hodeiak kolapsatzean eta trinkotzean sortzen dira izarrak. Izan ere, izarrak materia-kumulu handiak dira.

Izarren jaiotza gustatzen ez zaionak aukeratu dezake Hubble k izarren heriotzari begiratzea. Nebulosa planetario deritzen bi gorputz jarri dituzte hautagai; Eguzkiaren antzeko tamaina zuten izarrek hiltzean sortzen dituzte horrelako gorputzak. Hain zuzen, izarren nukleoak eztanda egiten duenean hedatzen den gasa behatzen da nebulosetan. Esaten dutenez, espazioko objektu “fotogenikoenetakoak” dira, oso koloretsuak izaten baitira.

Hautagai jarri dituzten objektuen irudiak zuri-beltzean baino ezin izan dituzte erakutsi. (Argazkia: DSS, STScl, Palomar/Caltech eta UKSTU).

Gainerako hiru objektu hautagaiak galaxiak dira, milioika eta milioika izarren multzoak. Hirurak galaxiak dira, bai, baina bakoitzak besteek ez duten berezitasun bat dauka. Galaxietako bat aurrez aurre ikusten da. Galaxia espiral bat da, eta mota horretako galaxien beso bereizgarriak ikusten zaizkio, galaxiei haizagailu-itxura ematen dietenak. Besoak bereziak dira, hain zuzen ere haietan gertatzen delako izarren jaiotza.

Bigarren galaxia ere galaxia espiral bat da, baina, aurrez aurre egon beharrean, gurekiko zeharka dago; beraz, galaxiaren albo-irudia lortuko luke Hubble k. Ikuspuntu hori oso garrantzitsua da astronomoentzat, aurrez aurre begiratuta ikusten ez dituzten hainbat xehetasun ikus ditzaketelako horrela.

Eta, azkenik, galaxien taldeko hirugarren irudia elkarrekintzan dauden bi galaxiak eratzen dute. Elkarren ondoan dauden bi galaxia espiral dira; bata bestearen ondotik pasatzen ari dira, eta bataren grabitatea bestean eragiten ari da. Grabitateen eraginez, bi galaxiak espiral-forma galtzen ari dira. Gertatzen dena da orain dela nahiko denbora gutxi hasi zirela elkarrekintzak, eta ia ez direla desitxuratu. Argazkian, nahiko ongi ikusten dira bata eta bestea, baina Hubble k egingo balitu askoz ere xehetasun handiagoarekin ikusiko lirateke.

Elkarrekintzan ari diren beste galaxia batzuei ere begiratu die Hubble k lehenago. (Argazkia: NASA, ESA eta Hubble)

Horiek dira, beraz, hautagaiak. Horietako zeini begiratuko dion erabakitzea nahi duenaren esku dago, beraz. Lehiaketa eta norgehiagoka guztietan gertatzen den bezala, dena den, honetan ere badago faborito bat. Kasu honetan, elkarrekintzan dauden bi galaxien irudia da. Hasieratik egon da lehenengo postuan, eta hainbat adituk uste dute horrek irabaziko duela. Esaten dutenez, horretatik eskuratu ahal izango dute astronomoek informazio gehien, eta horregatik omen da gehien “merezi duena”.

Dena den, oraindik ez dago ezer erabakita. Martxoaren 1a arte dago epea irekita botoa emateko.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia