}

II. ZerNola Olinpiada urrian hasiko da

2003/09/23 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gaztetxoei zuzendutako zientziaren II. ZerNola Olinpiada urrian hasiko da, www.zernola.net atarian ezagutzera emango den lehiaketako lehenengo probarekin. Atari horretan izena emateko epea irekita dago. Gaztetxoak zientziara hurbildu nahi dituen olinpiada hau DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelentzat da. Irabazleek Urbasako Bioitza aterpetxean asteburuko egonaldia irabaziko dute eta, bertan, espeleologia, eskalada, mendi-irteerak... egiteko aukera izango dute.

Urrian, www.zernola.net atariko maskotak, Armix-ek, II. ZerNola Olinpiadako lehenengo proba kaleratuko du; horixe izango da lehiaketaren hasiera. ZerNola Olinpiaden helburua gaztetxoek zientzia era dibertigarrian ikastea da. Horretarako, Euskal Herri osoko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgela guztiak daude gonbidatuta olinpiadan parte hartzera.

Hilero, urria eta maiatza bitartean, zientziaren inguruko proba bat gainditzea proposatuko zaie parte-hartzaileei. Probak gelakide guztien artean egiteko dira eta erantzuna posta elektroniko bidez bidali beharko dute. Jasotako erantzunak lau irizpideren arabera puntuatuko dira: egokitasuna, originaltasuna, azkartasuna eta erantzuna egoki landu eta aurkeztea. Hil bakoitzeko irabazleek sari bat jasoko dute, ikasgelan erabili ahal izateko materiala, hain zuzen ere. Baina hileroko puntuak batuko dituen sailkapen nagusia ere izango da eta maiatzean II. ZerNola Olinpiadako sailkapen nagusiko gela irabazleak sari nagusia eskuratuko du: asteburu- -pasa Urbasako Bioitza aterpetxean. Han, eskalada, espeleologia, mendi-irteerak eta gehiago egiteko aukera izango dute.

I. ZerNola Olinpidan, guztira Euskal Herriko 58 ikasgelak hartu zuten parte. Lehenengo edizioak izan zuen arrakasta ikusteak, "bigarrena martxan jartzeko animoak eman dizkigu", dio Eneko Imazek, www.zernola.net atariaren arduradunak. Gela irabazleak, Donostiako La Salle ikastetxeko DBH 1 gelak, Hondarribiko Elkano aterpean pasa zuen asteburua eta han, besteak beste, piraguan eta txalupan ibili ziren.

www.zernola.net ataria

Elhuyar Fundazioak 2002ko apirilean jarri zuen sarean www.zernola.net . Atariaren xedea 10–14 urte bitarteko gazteei zientzia hurbiltzea da. www.zernola.net -ek natura hobeto ezagutzeko erremintak eskaintzen ditu eta zientziaren alorrean sortzen diren berrikuntzen berri ematen du; irakasleei lanerako material interesgarria jartzen die eskura eta zientziaren alderdi ludikoa erakusten die ikasleei.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia