}

Ikerketa eta Gizartea topaketak egin ziren atzo

2006/06/30 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Ikerketa eta Gizartea topaketak antolatu zituen atzo Elhuyar Fundazioak, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan. Zientzia-arloko hainbat arduradun, ikertzaile eta komunikabide bildu ziren, guztira 40 pertsona inguru. Besteak beste, Communiqué proiektua eta Zientzia Prentsan ikerketa-lana aurkeztu zituzten jardunaldi horretan.

Jose Maria Rodriguez Ibabe Elhuyar Fundazioko lehendakariak eman zion hasiera ekitaldiari. Zientzia gizarteratzeko Elhuyar Fundazioak egiten duen lanaz mintzatu ostean, hitzaldien txanda iritsi zen.

Mintzaldi banarekin, Peter Green Alphagalileo Fundazioko garapen-zuzendariak, Alberto Ansuategi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendariak eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak hartu zuten hitza.

Peter Green Communiqué proiektuari buruz mintzatu zen, besteak beste. Zientzia eta teknologian espezializatutako berri-agentzia europar baten ebaluazioa eta sorkuntza ditu ardatz Communiqué proiektuak. Alphagalileo Fundazioak eta Europako Batzordeak elkarlanean sustatutako proiektua da, eta dagoeneko aurkeztu dute Britainia Handian, Alemanian, Frantzian, Txekian, Bartzelonan eta Donostian.

Ez Europako komunikabideek eta ez hemendik kanpokoek ez diotela ematen behar duen garrantzia europar ikerketari eta egoera hori aldatzeko neurriak hartu behar direla azpimarratu zuen Greenek. Haren ustez, ikertzaileen eta komunikabideen arteko zubia eraiki behar da. Horixe da, hain zuzen ere, Communiqué egitasmoaren asmoa. Halaber, prentsa-arduradunen jarduna hobetu egin behar dela uste du; prestakuntza behar dute, tresnak eskaini behar zaizkie eta abar. Zientzia-albisteak aldizkari espezializatuetatik atera eta tokiko prentsara eraman behar direla esanez bukatu zuen bere hitzaldia. Eta, jakina, Communiqué proiektuan parte hartzeko aukera eman zien jardunaldian bildutako guztiei.

Jarraian, Alberto Ansuategi Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak hartu zuen hitza, eta, zalantzarik gabe, gizartearen eta zientziaren arteko erlazioa nahiko konplexua dela esanez hasi zuen bere hitz-jarioa. Hala ere, hori hobetu nahian esku artean dituzten hiru erronkak aipatu zituen: batetik, zientzia eta teknologia herritarrei hurbiltzea, baita irakaskuntzaren aldetik ere; bestetik, zientzia-politika gizartera hurbiltzea; eta, azkenik, politika guztietan zientziaren erabilera egokia bultzatzea, ekintza zientifiko eta teknologikoak sendotuz.

Banakako azkenengo hitzaldia Juan Ignacio Pérez EHUko errektoreak eman zuen. Aspalditik buruan zeukan gogoeta bat plazaratzeko aukera izango zela hura aipatu zuen, gainera. Zientziari esker lortu du gizakiak bizi-kalitate hobea. Horregatik, orain dela 100 urte baino hobeto bizi gara, besteak beste elikadurari, garraioari eta teknologiari dagokienez. Maiz, ordea, zientziarekiko mesfidantza elikatzen da. Hori azaltzeko, telebistako eguraldi-iragarpenetan urtaro bakoitzaren hasieran garta-denboren berri ematen duteneko kasua hartu zuen adibidetzat. Izan ere, kasu horretan, uste, sinesmen edo begi-bistako jakintza datu zientifikoekin, alegia, zientziarekin, parekatzen da. Kaltetua zientzia bera da, noski.

Haren ustez, askotan zalantzan jartzen dira zientziaren oinarriak, eta hori gertatzen denean, azken finean, gizartea da kolokan jartzen dena.

"Zientzia eta teknologiaren dibulgazioak garrantzi handia du, zientziaren jakintzak libreago egiten baikaitu", esan zuen errektoreak. Esaldi horrexekin amaitu zuen bere jarduna.

Zientzia Prentsan

Jarraian, Zientzia Prentsan ikerketaren aurkezpena egin zuten, eguneroko prentsan zientziari eta teknologiari egiten zaion tratamendua aztertzen duen ikerketa. Aurten ere, lau hilabetez, zortzi egunkari aztertu ditu Elhuyar Fundazioak ( Berria, El Correo, Gara, El Diario Vasco, Deia, Diario de Noticias de Alava, Noticias de Gipuzkoa eta El País ).

Lau egunetik behin zientzia- eta teknologia albisteren bati tokia eskaintzen zaio EAEn argitaratzen diren egunkarietakoren baten azalean. Iazko abenduaren erditik aurtengo apirilaren erdira argitaratu diren egunkarietan, 29 zientzia- eta teknologia-albiste egunkarietako gai nagusi izan dira. Agertu, ordea, gehiagotan agertu dira zientzia- eta teknologia-albisteak azalean, modu apalago batean bada ere. Horra hor egindako azterketaren ondorioetako bat.

Egunkarietako azalak alde batera utzita, zientzia- eta teknologia-gaiek egunkarietan izan duten protagonismoari begiratuta, datua hau da: egunkarien azalera osoaren % 1,96 dira. Iazko datuekin alderatuta, jaitsiera txiki bat sumatzen da.

Egunkariak banaka hartuta, zientziari toki gehien eskaintzen dieten egunkariak El Correo eta Berria dira; gutxien, berriz, El Diario de Noticias de Alava .

Kalitatearen neurketan, idatzitakoaren kalitatea baino gehiago albisteen lanketa-maila neurtu da. Ondorio zuzenena hau da: berri laburren formula oso erabilia da zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan, eta landutako artikuluak gehigarrietarako uzten dira. Gainera, zientziaz eta teknologiaz idazten duten kazetarien espezializazio-maila nahiko txikia dela ere ondorioztatu da.

Ikerketaren tresna garrantzizkoena egunkariak izan diren arren, zientzia-aldizkari espezializatuak ere begiratu dira. Konparaketa egitea izan da helburua, jakiteko ea aldizkari espezializatuek eta egunkariek interesgune berak dituzten. Ikusitakoaren arabera, aldizkari espezializatuentzat garrantzi handia izan duten albisteek eguneroko prentsan ere izan dute tokia.

Gai luze eta zabala mahai-inguruan

Atseden txiki baten ostean, topaketa honetako ekitaldi nagusia etorri zen, "Ikerketa eta Gizartea" gaiari buruzko mahai-ingurua, alegia. Fernando Plazaola —Euskal Herriko Unibertsitateko fisika-katedraduna eta Ekaia aldizkariko zuzendaria— aritu zen moderatzaile-lanetan. Haren inguruan jarrita, Manuel Tello EHUko Fisika katedraduna, Peter Green jauna, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendaria eta Jose Manuel Abad Fecyt-eko (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología) komunikazio-arduraduna.

Zientzia- eta teknologia-ikerketak plazaratzeko beharraren eta lan hori egiteko ikertzaileek nahiz kazetariek zituzten arazoen inguruan aritu ziren guztiak ere.

Oro har, komunikabideek zientzia gutxi dibulgatzen dute. "Egunkarietan New York Times da erreferente, eta gainerakoak haren itxurako zerbait egin nahian sortutako ahaleginak besterik ez dira".

Peter Greenek ere informazioa transmititu edo komunikatu behar dela ikusten du. Baina gai guztiak gizartera plazaratzeko modua aurkitu behar da, baita zientzia- eta teknologia-gaiak ere. Izan ere, askotan zientziaz hitz egitean datuak soilik ematen direla eta hori nola edo hala aberastu egin behar dela aipatu zuen. Zientziak ere jakin behar du erakargarria izaten.

Erakargarritasun horrekin lotuta, zenbat eta handiagoa izan gai horien presentzia, orduan eta erakargarriagoak izan beharko luketela esan zuen Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendariak. Gainera, gai horiekiko interesa egon badago; hori diote, behintzat, Europako biztanleen % 78k, Eurobarometrok egindako inkestaren datuen arabera.

Ildo berari erreparatuz, Jose Manuel Abadek hartu zuen hitza. Interes orokorreko gaiak denontzako interesgarri bilakatu behar direla azpimarratu zuen. Horretarako, pertsona espezializatuak behar dira. Izan ere, astronomo batentzat, esaterako, galderarik zailena haur batek egin lezakeena da: "Zergatik da urdina zerua?". Hori nola azaldu? Nola dibulgatu?

Zientziaren dibulgazioa nahi eta nahi ez zientzialariek egin behar dutela uste du Manuel Tellok, baita beste batzuek ere. Eta gizarteari kaleko hizkeran helarazi behar diotela mezua. Komunikazioa, ordea, beste gauza bat da. Kazetariak gauza izan behar du berri bat garrantzitsua den edo ez bereizteko, besteak beste.

Aretoko giroa berotu eta mahai-inguruko parte-hartzaileen hitzak entzun ostean, han bildutako ikertzaile eta kazetariek ere beren iritziak eman zituzten. Kazetarien eta zientzialarien lan-erritmoa oso ezberdina zela ere aipatu zen iritzi horien artean. Zalantzarik gabe, gaiak luze eta zabal hitz egiteko ematen zuen. Hurrengo batean gehiago.