“Ikerketa feministagoa behar dugu”
2020/03/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Irati Romero Garmendiak Bordeletik eman du bere ibilbidearen berri. Hain zuzen, minbizia ikertzen duen laborategi baten lanean dabil orain, eta, hara iristeko ahalegin handia egin behar izan badu ere, nahiko modu naturalean heldu dela iritzi dio.
“Txikitan, beti nenbilen gauzen zergatia jakin nahian. Erantzunen bila, biologia ikasi nuen. Tartean, Pragara joan nintzen Erasmusekin, eta han laborategi batean aritzea egokitu zitzaidan. Orduan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala laborategiko lana. Hala, karrerako azken urtean, laborategian aritu nintzen, barne-irasle gisa. Bukatutakoan, berriz, Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra egin nuen, gaixotasun zeliakoa ikertzen duen talde batekin”, gogoratu du.
Gustura zegoela eta, doktore-tesia bertan egitea erabaki zuen. Aitortu duenez, tesia egitea “gogorra” da, eta gustura aritu bazen ere, “nekatuta” bukatu zuen: “Iruditzen zitzaidan ez nuela bizitzerik izan nire bizitzaren alde bat: dantza utzi behar izan nuen, gero eta gutxiagotan joaten nintzen Ordiziara, lagunekin ere noizik eta behin baino ez nintzen elkartzen… Tesitik kanpo, ez neukan bizitzarik”.
Horretaz jabetuta, hilabete batzuk hartu zituen bere burua zaintzeko eta bazter utzitako zaletasunak berreskuratzeko, eta, unea zela iritzi zionean, doktoretza-ondorengoa egiteko leku bila hasi zen: “Baina oso zaila zen. Nik uste nuen tesia egina nuenez, banintzela nor; konturatu nintzen, ordea, ez zela nahikoa, inondik inora ere; presio izugarria sentitzen nuen”.
Bila zebilela, Global training beken berri izan zuen. “Berez, lan-munduan sartzeko dirulaguntzak dira, baina, begiratu, eta ikusi nuen Bordelen bazela talde bat minbizia ikertzen. Eskaera egin, eta hartu egin ninduten”.
Horrenbestez, orain glioblastomak ikertzen ari da. Orain arte egindako ikerketetatik oso desberdina dela dio. Izan ere, gaixotasun zeliakoan, oinarri genetikoa ikertzen zuen. Orain, berriz, gaixotasunaren prozesuak ikertzen ditu; zer aldaketa gertatzen diren gaitza garatzean. “Horrek ikuspegia aldatzera behartu nau. Lehen galdera zen zergatik, eta orain da nola, edo zer egin daiteke. Oso desberdina da. Baina hau ere gustatzen zait. Gainera, lehen egiten nuena baino aplikatuagoa da, eta horrek asko betetzen nau”.
Ikerketaren beste alderdi batzuk, ordea, ez ditu batere gustuko. Eta, tamalez, antzekoak dira Bordelen zein gainerako lekuetan. Orokortuta dago ikertzaileek dena eman behar dutela bere lanaren alde, eta normaltzat jotzen da egunean hamabi orduz lan egitea. “Oso sartuta dago kultura hori, eta saiatzen bazara lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiten, gaizki hartzen da. Lehiatik kanpo geratzen zara”.
Ikerketa feministagoa aldarri
Horren aurrean, ikerketa feministagoa izan beharko lukeela aldarrikatzen du. “Hasteko, Bordelen, ikertzaile gehienok emakumeak garen arren, gure nagusiak gizonak dira. Eta, normalean, mutilek gehiago lehiatzen dute eta indibidualistagoak dira. Nire lagunak neskak dira, eta gehiago laguntzen diogu elkarri”.
Eta zientzia horretan oinarritzen dela dio: “sormenean eta ideiak elkar trukatzean. Hierarkizazioak, aitzitik, komunikazioa zailtzen du. Bestalde, emaitzek ere berehalakoak izan behar dute. Ikuspegi matxista da:behartuta zaude azkar eta asko argitaratzera, eta hori kalitatearen aurka doa. Izan ere, denbora hartu behar da pentsatzeko zein den galdera, zeri nahi diogun erantzun, eta, horrela, gainera, baliabideak hobeto bideratzen dira”.
Hala ere, oraingoz behintzat ikertzen jarraitzeko asmoa du, “trenetik jaisten bazara, gero ia ezinezkoa baita berriro igotzea”. Baina garbi du Euskal Herrira itzuli nahi duela, eta zalantza egiten du luzaroan eutsiko ote dion ikertzaile-bizitzari, gaur egungo sistema kaltegarria dela uste baitu: “Nola egingo dugu zerbait gizartearen onurarako, ez badugu gure burua zaintzen?”.
Ordizian jaio zen, 1990an. Biologiako lizentziatura, eta Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra egin ditu Euskal Herriko Unibertsitatean. Azken urteetan gaixotasun zeliakoaren genetika ikertzen aritu da, eta 2019an doktoretza bukatu zuen alor horretan. Egun, glioblastoma ikertzen doktoretza ondorengoa egiten ari da Bordelen.