“Ikerketan hasi berria naiz, eta dena dut deskubritzeko”
2020/01/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Pertsona askok aitortzen dute umetan edo gaztetan gorroto zituztela Matematikak, baita zientziazaleak izanda ere. Lore Zumeta Olaskoaga ez da horietakoa: txikitatik ditu gogoko zientziak eta Matematika. Hala, unibertsitateko ikasketak aukeratzeko garaian, zalantzak izan zituen, Ingeniaritzaren bat, Euskal Filologia edo Matematika aukeratu. Azkenean, ate irekien egunean Matematikari buruzko azalpenak entzuteko aukera izan zuen, eta probatzea erabaki zuen, “zaila izateko ospea zeukan arren”.
Dioenez, unibertsitatean topatu zuen Matematikak ez zeukan ordura arte ikasitakoarekin antz handirik: “Karreran sartu nintzenean, ezagutzen ez nuen Matematika bat aurkitu nuen, ordura artekoa baino abstraktuagoa. Pentsatzera bultzatzen zuen, logika erabiltzera… Uste dut asko lagundu zigula pentsamendu logikoa garatzen”.
Bestalde, azken mailan bereizten dira Matematika aplikatua eta teorikoa, eta hor ikusi zuen aplikatua gehiago gustatzen zitzaiola, nahiago zituela aplikaziora bideratutako ikasgaiak, hala nola probabilitatea, programazioa eta estatistika. Hala ere, ez zeukan garbi nondik jo etorkizunean. “Aurrez ez nuen pentsatu ikertzaile izango nintzenik. Baina gradua egin ondoren master bat egitera joan nintzen Bartzelonara, eta bioestatistikan espezializatu nintzen. Eta aukera sortu zitzaidan BCAMen ikertzaile laguntzaile izateko, eta orduan sartu nintzen honetan”.
Neurri batean, bidea aukeratzean, inguruan dituen pertsonek lagundu eta eragin diotela uste du Zumetak. “Esaterako, ez nuen irakasle aritzea baztertzen, baina Bartzelonan ikerketa mundua ezagutzeko aukera izan nuen, eta horrantz jo nuen”.
Ikerketan ere, ingurukoekin elkarlanean aritzea da gehien estimatzen duen alderdietako bat: “Estatistikaren arloan, beharrezkoa dugu hainbat diziplinatako adituekin aritzea. Adibidez, azken urte honetan, BCAMeko proiektu batean aritu naiz lanean, eta lantaldean ginen ingeniaria, kirol-zientzialaria, kirol-medikua, eta gu, estatistikariak. Beti taldean, beharrezkoa baitugu bakoitzak bere arloan duen jakintza besteenarekin osatzea”.
Elkarlan horretan, komunikazioaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, diziplina bakoitzak du bere terminologia, eta batzuek besteena ulertzeko “itzulpenak” egin behar izaten dituzte.
Kirol-lesioak, aztergai
Bestela, proiektua bera ere oso motibagarria zaio, txikitatik kirol asko egin baitu, eta, orain, proiektuari jarraiki, kirol lesioak modelizatzeko tesia egiten dabil BCAMen: “Futbolean egiten diren lesioen datuak ditugu, bai gizonezkonak bai emakumezkoenak, eta tesian saiatuko naiz haiek modelizatzen, jakiteko zerk eragiten duen lesioa eta zein diren arrisku-faktoreak. Hau da, helburua da ulertzea nola sortzen diren lesioak, eredu estatistiko bat erabilita”.
Beste kasu askotan bezala, ikerketa horretan ere funtsezkoa da datuak sexuaren arabera bereizita aztertzea, medikuek dagoeneko ikusi dutelako gizonezko eta emakumezko futbolariek lesio ezberdinak jasateko joera dutela.
Hasi berria da tesia egiten, eta, beraz, bere etorkizun hurbila horretan ikusten du, noski. Badaki ez dela bide erraza izango, baina orain arte ez du oztopo berezirik topatu. Beraz, motibatuta dago, alde batetik giroagatik, baina, batez ere, ikergaiagatik beragatik: “Tesiak nire bi zaletasunak biltzen ditu: Matematikak eta kirola. Jakina, galdera konplexua da, eta buruhausteak izan ditut eta izango ditut, baina, oraingoz, gustuko dudana ari naiz egiten, eta dena dut deskubritzeko”.
Zarautzen jaio zen, 1994an. Matematikako gradua egin zuen EHU-n eta ondoren, Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboko masterra UPC-UB-n, Bartzelonan, matematikaren arlo aplikatuak bultzatuta. BCAM ikerketa zentroan ikerlari laguntzaile lanetan aritu da urtebetez eta egun, doktoretza tesia egiten dabil zentro berean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia