}

Ikerkuntza teknologikoa

1994/01/01 Rodriguez Ibabe, Jose Maria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela denbora gutxi arte zientzi fakultateak ez edukitzea, oso kaltegarria izan da Euskal Herriarentzat. Eraginetan aipagarrienetakoa ikerkuntza teknologikoa ez garatzea izan da. Horrez gain, salbuespen batzuk izan ezik lantegi gehienen tamaina nahikoa txikia dela eta, lantegietan ikerkuntza garatzea ia ezinezkoa izan da. Horregatik, Euskal Herriko industria gehienak 70.eko hamarkadara ikerkuntza teknologikoa garatu gabe heldu ziren.

Nahiz eta ikerkuntza izan ez, industriako arduradun teknikoek beste bide batzuk bilatu zituzten berauen produktuak lehiakorrak izan zitezen. Orain egoera desberdina da. Europako beste estatuetan ikerkuntza teknologikoa aspalditik landu da, eta berauen produktuei aurre egiteko, hemen ere ezin da ikerlana baztertu.

Eusko Jaurlaritzak babesturiko zazpi ikerkuntza-zentru daude (Ceit, Ikerlan, Inasmet, Tekniker, Gaiker, Labein eta Robotiker). Zentru horien eskutan Euskal Herriko ikerkuntza teknologikorako baliabide-portzentaia handiena dago.

Ikerkuntza aplikatuan ere bezeroa/hornitzailea erlazioa aztertu behar da. Industriak produktu batzuk garatu behar ditu kalitatea/prezioa erlazio egokia lortuz (merkatuan lehiakor izan dadin). Bere esparrua ez da ikerkuntza, baina helburuak lortzeko behin baino gehiagotan ikerkuntzaren premia izango du.

Zentru teknologikoaren aldetik eskaintza egokia izan dadin zenbait ikuspuntu kontutan hartu behar da. Alde batetik, zentruak tresneria egokiz hornituta egon behar du, eta bestetik, ikerlarien maila kontutan hartu behar da. Tresneriari dagokionez, 80.eko hamarkadan zehar Euskal Herriko zentruak nabarmen hobetuz joan ziren; diru publikoari esker, kasu gehienetan.

Teknikari eta ikerlarien mailari dagokionez arazoa askoz konplexuagoa da. Zentru bakoitzaren sorreran izandako baldintzak desberdinak izanik eta zentru bakoitzeko sailen artean dauden diferentziak kontutan hartuz, gai honi buruz ikuspuntu orokorra ematea ezinezkoa da. Dena den, gure Herrian izan den ikerkuntzaren tradizio ezak ez du batere lagundu.

Ikerketarako behar den metodologia ez da bapatean sortzen. Beraz, ikerketa-taldearen sorreran atzerriko ikerkuntza zentruekin izandako harremanak oso garrantzitsuak izan dira eta horri esker beste estatuetan aspalditik landuta zegoen ikerkuntza metodologia guztiz txertatuta dago hemen. Ostera, beste lan-taldeek ez zuten erlazio hori eduki eta gaur egun berauen portaeran hori nabarmena da. Ildo honi jarraituz, eta berriz tradizio eza gogoratuz, kasu batzuetan posible izan da bere bizitza osoan ikerlanik egin ez duten teknikariak orain zentruetako ikerkuntza-arduradunak izatea. Hori atzerriko zentruetan nekez ikusten da.

Amaitzeko, industria/ikerkuntza erlazio horretan komunikazioa kontutan hartu behar da. Askotan industriak nahi duena ikerlariak ez du ulertzen. Era berean, behin baino gehiagotan ikerlariari zail gertatzen zaio lantegian solaskide tekniko egokia aurkitzea. Zailtasun hauen ondorioz, zentruan egiten den lana industriak behar duenarekin erlazionaturik ez izatea gerta liteke.

Beraz, estatistiketan I + G arloan BPG-ren % 1,6 erabiltzen dela azpimarratzen denean (hori da datorren urterako EAE-n dagoen helburua), zenbaki hori teorikoa da. Industriarentzat lagungarri izan diren proiektuak bakarrik kontutan hartuko balira, lehen esandako kopurua gutxienez erdira etorriko litzateke. Hori da, nere ustez, hurrengo urteetan Euskal Herriko ikerkuntza teknologikoak gainditu behar duen oztopo nagusia. Bestela, sare industrialean eraginik ez baldin badauka, ikerkuntza-mota honek ez du zentzurik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia