IKUSI: enpresa ohizkanpokoa
1989/04/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urtarrilaren bukaerako egun batean, Pedro Migel Etxenike fisikari ezagunak IKUSI enpresako langileei hitzaldi bat eman behar ziela aditzera eman zidan. Hitzaldia enpresak duen formaziorako plangintzaren barnean kokatzen zela esan zidan. Hasiera-hasieratik harrigarria iruditu zitzaidan kontua eta harridura areagotu egin zitzaidan Etxenikeri jarritako gaiak, nolabait esatearren, “fisikazko ikerketaren egungo mugarriak” zuela izenburua jakin nuenean. Orduantxe, IKUSI enpresaz eta bere formazio-lanari buruz zerbait gehiago jakin behar nuela erabaki nuen; ez bait da oso arrunta euskal enpresek horrelako asmoak izatea.
Nere jakinmina ase asmoz IKUSIko administrazio-kontseiluko lehendakari den Anjel Iglesias-engana jo nuen. Gizaseme hiztun eta atsegin honekin izan nuen elkarrizketaren fruitu dira ondorengo lerroak.
Elkarrizketa osoan zehar Anjel Iglesiasek askotan azpimarratu zuen berak langileen hezketari ematen dion garrantzia: Lehenengo enplegatua izan nuen une beretik arduratu nintzen langileak formatuago egon zitezen .IKUSIko langileek hartu nahi dituzten ikasketen %75 duten ordaindurik, Anjel Iglesiasek esan zigunez, eta ordainketa horiek ez dagozkie enpresaren lanekin erlazio zuzena duten gaiei soil-soilik: euskarak ere lekua du . Esaterako,1988.ean 9.800.000 pta. erabili ziren pertsonalaren formazio-plan iraunkorrean.
Anjel Iglesiasi jendearen arteko komunikazioak kezka handiak sortzen dizkio eta komunikaziorako bideak erraztu egin behar direla azpimarratu zigun behin baino gehiagotan. Etxenikek emandako hitzaldiak eta antzekoek komunikazio hori lortzea dute helburu. Elkarri ideiak trukatzea dago guzti honen muinean, ideia horiek etorkizunean enpresaren garapenerako baliagarriak izango diren esperoan, noski. Hitzaldi horien bidez (lanordutan ematen dira) enpresako lanean murgildurik daudenei kanpoan zer gertatzen ari den erakutsi nahi zaie eta ez teknika eta teknologiaren alorrean gertatzen dena bakarrik.
Anjel Iglesias berak eman zituen lehenengo hitzaldiak eta IKUSI beraren inguruko informazioa ematea zen helburua. Enpresak nora jo nahi du? Zer da enpresa egiten ari dena? Zein da enpresaren dinamika? eta antzeko galderei erantzuna ematen saiatu zen Anjel Iglesias.
Anjel Iglesiasen asmoa eta helburua, Etxenikek emandakoaren moduko hitzaldiak noizean behin errepikatzea da.
“IKUSI” zer da?
Egun IKUSI Donostiako Martutene auzoan kokatzen den enpresa da eta 9.000 m 2 estaltzen dituen bi pabiloi handitan ari dira bere 225 langileak lanean.
Historia, hala ere, duela 35 bat urte hasi zen irratiak konpontzen ziren ganbara txiki batean. Iparramerikarrek Self Made Man esaten duten horien moduan jokatuz, Anjel Iglesiasen enpresak gora egin zuen eta nagusiaren trebetasun, ikuspegi zabal eta ausardiari esker, Euskal Herrian dagoen elektronika-enpresa inportanteenetakoa izatera iritsi da.
Anjelek esaten duenez, erne egon behar da teknologiaren bidea nondik joango den ikusteko eta behin somatu ondoren, horretan lanean gogor egin behar da. “Kanpokoek egiten dutena ikasi behar da, aztertu eta gero landu” hitzetan biltzen den filosofia dario Anjel Iglesiasi. IKUSIn garrantzi berezia ematen diote “Ikerketa + Garapena” delako bikoteari eta beraiek komertzializatutako produktuak beraiek garatutakoak dira gehienbat. Enpresak dituen 225 langileetatik 50 teknikari dira (28 goi-mailakoak eta 22 erdi-mailakoak). Proportzio hau ez dago batere gaizki. Gainera, 1988.ean zehar 104.000.000 pta. erabili ziren I+Gn zuzen-zuzenean.
IKUSIn egiten diren produktuen kalitatearen lekuko, bere merkatuak dira. Gaur egun, Frantzia, Espainia, Portugal, Britainia Haundia, Irlanda, Marokko, Hego Afrika, Saudi Arabia eta Pertsiar Golkoko beste zenbait herritan saltzen dituzte beren produktuak. Gainera, IKUSIkoek adar bat ireki behar dute Portugalen eta Europako beste herri batzuetan gauza bera egitea aztertzen ari dira. Euskal jatorriko multinazional baten sorreran ote gaude?
Euskal Herriko enpresa arruntekin konparatzen badugu, IKUSI ohizkanpoko enpresa dela ezin uka daiteke. Eredurik onena den ala ez, nork daki? Dena den, IKUSIko zuzendaritzak enpresaren ihardunbideaz duen ikuspegia zabalduagoa egongo balitz, bestelakoa izango litzateke, seguruenik, euskal ekonomiaren egoera
- Goi-mailako frekuentzien saila
Profesionalentzako Telebista: satelite-telebista, zuntz optikoa eta telebanaketa.
Kontsumo-telebista: antenak, elektronika eta banaketa. - Sistema Elektronikoen saila
Teleagintea: zubi-garabiei aplilatutako irratikontrolak.
Teleneurketa: Ur-, elektrizitate- gas- eta abarren teleneurketarako sitemak.
Monitorizazioa
Segurtasuna: Babes-sistemak, sarbideen kotrola, suteen kontrola etab.
Informazio-sistemak: kristal likidozko panel elektronikoak, audifoni sistemak etab.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia