“Ikusi nahiko nuke atomoak antolatzeko gai izateak nola ekarriko duen oinazea ekiditea”
2014/01/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nire jainko txikiak Niels Bohr eta Richard Feynman izan ziren. Bohr mekanika kuantikoaren jainkoa, eta Feynman oso pertsona berezia izan zen, originala eta ezberdina. Nik zorte handia izan nuen. Izan ere, ikasketak 1980ko hamarkadan bukatu nituen eta hamarkada hura oso garrantzitsua izan zen. Garai hartan, Feynmanen 1959. urteko "There is plenty of room at the bottom, an invitation to enter a new field of physics" konferentziaren edukia ezagutzen genuen. Feynmanek hitzaldi hartan esan zituen gauzak, atomoak ikusi eta manipulatzeari buruzkoak, pentsaezinak ziren orduan. Esan zuen: "The principles of physics do not speak against the possibility of maneuvering things atom by atom. It is something that can be done; but in practice, it has not been done because we are too big". Alegia; gauzak atomoz atomo manipulatzea ez dago fisikaren printzipioen aurka, baina hori ezin dugu egin handiegiak garelako.
Baina 1981ean, unibertsitateko fisika-ikasketak egiten nenbilela, Binnigek eta Rohrerek tunel-mikroskopioa eraiki zuten, mekanika kuantikoaren printzipioak baliatuta, eta horregatik 1986ko Nobel saria eskuratu zuten. Urte hartan bertan tesia egiten hasi nintzen, Pedro Etxenikeren zuzendaritzapean. Eta horretan hasi nintzen hain justu, tunel-mikroskopioa aztertzen. Izan ere, hura izan zen nonbait nanoteknologiaren ateak ireki zituena, horren bitartez lehen aldiz atomoak ikustea, ukitzea eta lekuz aldatzea lortu baitzen.
Feynmanek zioenez, handiegiak gara atomoak gure begiez ikusteko eta gure eskuez ukitzeko; baina Binnigek eta Rohrerek tunel-mikroskopioaren osagaia izango zen nano-orratza (itsu-makila) asmatu zuten, atomoak ikusi eta ukitu ahal izateko. Hori kontzeptualki oso garrantzitsua izan zen eta nire garai hartako ikerketa-lanean eragin handia izan zuen.
Ez dut uste hau nire ibilbidea amaitu aurretik gertatuko denik; hil aurretik, agian, ehun urtera ailegatzen banaiz... Nanomedikuntzaren ahalmenaren lekuko izan nahi nuke.
Kontua da gaur egun badugula ahalmena atomoak eta molekulak gure nahierara antola daitezen. Hori erabiliz eta horretan oinarrituta, medikuntza-teknika berriak sortzen ari dira, eta horrek hainbat aplikazio ditu diagnostikoan eta terapia berrietan. Baina niretzako bereziki garrantzitsua izango litzateke ikustea horrek gaixotasunen ondoriozko oinazea ekiditea ahalbidetzen duela.
Zergatik jasan behar ditugu gaixotasunen ondorio mingarriak? Gaixotasunak beti izango ditugu; baina zergatik hainbeste sufritu, alferrik? Atomoak eta molekulak antolatzeko gai izateak oinaze hori ekiditeko ahalmena ekarriko al du? Ez dut uste hori geuk ikusiko dugunik, baina bide onean ari gara.
“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia