}

Ikuspegi eurozentristatik harago

2024/01/24 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

ikuspegi-eurozentristatik-harago
Arg. Pernan Goñi

Europarrak, batzuetan, gure zilborrari begira bizi gara. Ez ditugu kontuan hartzen munduko beste errealitate batzuk, eta, konturatu gabe, ikuspegi eurozentrista zabaltzen dugu. Beraz, interesgarria da hausnartzea gure iritzi, argudio eta proposamenek munduko beste errealitate batzuk aintzat hartzen dituzten, edo ikuspegi zabalago batekin egin ditzakegun.

Ez da norbanako gisa dugun zailtasun bat, gizarte gisa duguna baizik. Egungo zientzia bera ere, ustez guztiz objektiboa den hori, oso eurozentrista da. Egiten dituen galdera zientifikoak eta mundua interpretatzeko duen modua ez dira esanguratsuak munduaren hiru laurdenentzat.

Ekonomia berdeak, esaterako, eskala txikian ezartzen bada soilik du zentzua. Eskala globalean ezartzen bada, ez da jasangarria. Garraioaren auzian, atmosferara hainbeste CO2 ez isurtzeko, kotxe elektriko modernoak erostea aurkezten da irtenbide modura. Horrek balio al du munduko herrialde guztientzat? Adi, zabaltzen den diskurtsoak ez dezan betikotu egiturazko injustizia ekosoziala.

Ikuspegi eurozentristari uko egiteko, munduko beste kultura eta beharrak ere aintzat hartu behar dira. Bestela, ingurumenaren izenean halako neurriak hartzea bera kolonialismo berdea bihur daiteke. Eta ekosistemak babesteak ezin ditu ekarri injustizia sozial gehiago.

Baliagarria da, lekuan lekuko jakituriari, hizkuntzei eta mugimendu sozialei protagonismoa ematea. Esaterako, gero eta ikerketa gehiagok diote hizkuntza gutxituak erreminta baliotsuak direla ingurumen-larrialdiaren aurka eragiteko. Tokian tokiko hizkuntzak norbanakoek eta kulturek naturarekin duten harremanaren isla dira, eta, hain zuzen, historikoki jazarpena jasan duten hizkuntza-komunitate horietako batzuk oso lotuta daude naturaren zaintzarekin eta naturaren ezagutza gordetzearekin. Hizkuntza gutxituek arbasoen ezagutza globala jasotzen dutenez, memoria ekologikoaren gordailu dira.

Hizkuntza gutxituak garapen jasangarrirako erreminta baliagarria direla aitortzeak ahalduntzen lagundu diezaieke naturarekin lotutako komunitate tradizionalei, hainbeste urtez isilarazitako herri indigenek ahotsa har dezaten.

Euskarak ere naturari lotutako hiztegi aberatsa du, lagungarria oso bertako natura ezagutzeko eta ulertzeko. Kontuan izanik gizakiak bere inguruko paisaiarekiko eta ama-hizkuntzarekiko atxikimendu indartsua izaten duela —bere identitatearen parte izateraino—, euskara erreminta baliotsua da ezagutza ekologikoa transmititzeko, naturarekiko atxikimendua indartzeko eta euskal komunitatea jasangarritasunaren aldeko eragile bihurtzeko.

Alabaina, munduko hizkuntzen % 50 galzorian daude, eta, haiekin batera, informazio asko galduko da. Amazoniako sendabelarren % 91en ezagutza eta erabilerak, esaterako, bertako hizkuntza indigenetan eta ahozko komunikazioan soilik transmititzen dira. Hizkuntza indigenak desagertzeak ingurumen-larrialdiari aurre egiteko erreminta nagusia galtzea dakar: ezagutza.

Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna herrien garapen jasangarrirako funtsezko elementuak izanik, hizkuntza-ekologia eztabaidaren erdian jarri beharko da. Hizkuntzen eta ingurumen-aldagaien arteko harremana aztertzen duen ezagutza da hizkuntza-ekologia. Berdintasunean eta giza balioetan oinarritutako garapen-eredu bat eraikitzeko, hizkuntza-dibertsitatea zaindu beharko da.

Androzentrismoa

Mundua termino maskulinoetan ulertzea da androzentrismoa. Errealitatearen ikuskera hori ideia honetatik abiatzen da: begirada maskulinoa da begirada posible eta unibertsal bakarra, eta ezikusiarena egiten die edo balioa kentzen die gizonen ez beste taldeetako kideen esperientziei eta bizipenei.

Hala, gizonak gizarte osoaren subjektua dira sistema androzentriko batean, nahiz eta kolektibo hori gizonez, emakumez eta beste identitate batzuez osatuta egon. Eta horrek berekin dakar gizonak ez direnen interesak ikusezin geratzea, edo, are gehiago, interes horiek gizonezkoen berdin-berdinak direla uste izatea.

Adibide ezaguna da autoen airbag-ak diseinatu zirenean ez zirela kontuan izan emakumezkoen gorputzak. Larrialdi-egoeretarako kit-ak diseinatzen direnean ere, erabat ahazten da emakumeen hilekoaren higienearekin zerikusia duen guztia. Antisorgailuetan ere, gizonezkoek pilula hartzeko ekimen guztiek kale egiten dute; emakumezkoak dira halako tratamenduak hartzen dituztenak, nahiz eta albo-ondorio larriak pairatzen dituzten. Hirietako mugikortasun-sistemaren diseinuan ere, gizonen ikuspegiak izan du zeresan handia.

Baita giza eboluzioaren ilustrazioan ere ikusten da androzentrismoa islatua: gizonezkoa hominizazio-prozesuaren erdian azaltzen da beti. Berriki, zenbait ilustratzaile feministak emakumezkoak irudikatu dituzte giza eboluzioaren sekuentzia famatuaren erdigunean.

Ebidentzia zientifikoek erakusten dute korrelazio argia dagoela klima-aldaketaren eta generoaren artean ere. Larrialdiaren ondorioak bereziki gordinak dira emakume eta neskatila pobreentzat, adineko emakumeentzat, LGBTIQ+ kolektiboko pertsonentzat, dibertsitate funtzionalen bat dutenentzat, emakume migratzaileentzat eta landa-eremuetan bizi direnentzat. Egoera arruntetan ikusezinak badira, are gehiago larrialdi-egoeretan.

Irtenbiderako edozein proposamenek, beraz, genero-ikuspegia jaso behar du, eta emakumeen ahotsak trantsizio ekologikoaren erdigunean jarri behar ditu, aldaketaren eragile aktibo bihurtuta, eta eztabaida ardaztuta. Emakumeen ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da ingurumena hobeto zaintzeko, pobrezia murrizteko eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko.

Baina badira jasangarritasuna lortzeko prozesuari traba egiten dioten bestelako giza begirada hertsiak ere: antropozentrismoa, adibidez. Sinetsita gaude gizakia izadiaren erdigunean dagoela, eta gainerako bizidunak beraren zerbitzura daudela. Ikuspegi horrek naturaren funtzionamendua ulertzea galarazten du, gizakia, naturaren erdian egotetik urruti, makinaria konplexu baten engranaje bat besterik ez baita.

Denen ekarpenari esker funtzionatzen du sistemak. Gizakiak beste espezie batzuen ekarpena behar du, ezinbestean; elkarren erabat mendekoak gara, interdependenteak. Ekosistemen funtzionamendua ulertzeak eramango du gizartea biodibertsitatea zaintzearen garrantzia barneratzera.

Edukietan sakontzeko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia