}

Ilargi-eklipse osoa asteburuan

2003/11/07 Elhuyar Zientzia

Asteburu honetan, ilargi-eklipse osoa izango dugu Europa osoan ikusgai. Datorren larunbatetik iganderako gauean, goizaldeko 01:06tik 01:31ra, eguraldia lagun badugu behintzat, Ilargia nola ezkutatzen den ikusteko aukera izango dugu.

Ilargi-eklipsea gerta dadin, Eguzkiak, Lurrak eta Ilargiak modu jakin batean lerrokatuta egon behar dute; hain zuzen ere, Ilargia Lurrak espazioan proiektatzen duen itzalaren konoan zehar mugitzen da eta bertan ezkutatzen da.

Hala ere, larunbateko ilargi betea ez da ikusezin bilakatuko, eta ertzean argitsuagoa izango da erdialdean baino. Izan ere, atmosferak Eguzkiko argiaren zati bat, –argi gorria batik bat– desbideratzen du, eta argi hori Ilargian islatzen da.

Fenomeno hau edonondik ikus daiteke, baina, adituen azalpenak jaso nahi izanez gero, Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia Sailak Zientziaren KutxaEspazioko Astronomia-behatokian jardunaldi batzuk antolatu ditu. Ikuskizun honetaz gozatzeko zita, beraz, KutxaEspazioan izango da, azaroaren 9an, 00:30etik aurrera.

Argazkia: Dennis di Cicco / Sky and Telescope

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia