Ilargiaren alde izkutua
1995/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ezustean harrapatu ditu Clementine zundak Ilargiaren maitaleak. Literatura eta zientzi fikzioaren pasarterik liluragarrienak sorrarazi duen ilargiaren alde izkutua mapa zehatz batean isladatzea lortu dute. EEBBetatik bidalitako Clementine zundak haren berri igorri du jadanik NASA erakundera. Ezusterik handiena, ordea, Clementinek igorritako datuak aztertu dituzten ikerlariek hartu dute: Ilargiaren alde izkutuan Eguzki Sisteman orain arte aurkitu den sumendirik handiena eta sakonena atzeman dute. 2.500 kilometroko diametroko zirkunferentzia du eta 13 kilometroko sakonera, horixe da orain arte Ilargiak isilean gorde duen sekretu bikaina.
Iazko Udaberrian hasita, 70 egunetako bisitaldia burutu zuen Clementinek Ilargian eta oraintxu kaleratu da bertan jasotakoaren berria. Bere aurretik beste zunda asko bidali bada ere, Clementinek bildu eta igorri dituen datuak osatuenak direla diote NASAko ikerlariek. Besteak beste, Ilargian dagoen altitude-alderik handiena 16 kilometrokoa dela jakin ahal izan da, Apollo-k duela 20 bat urte igorritako datuak -11 edo 12 kilometroko altitude-aldea zegoela ziotenak zuzenduz.
NASAko ikerlariek diotenez, orain dela 4,3 bilioi urte sortu zen sumendia, South Pole Aitken Crater izenaz bataiatu dutena. Uste denez, berebiziko inpaktua gertatu zen orduan eta horren ondorio lirateke aurkikuntza berria eta bere inguruan aurkitu dituzten zuloak. Hauek ikertzeak, ordea, luze joko du, era askotakoak eta ezaugarri desberdinekoak baitira. Sumendiaren goiko aldean burdina eta magnesioa kantitate handitan aurkitu dute, Ilargian orain arte ezagutzen ez zen proportziotan hain zuzen.
Ilargiaren osaketari buruzko teoria asko alboratu beharko dira aurkikuntza berriak direla medio. Gauzak horrela, Ilargiaren alde izkutua liluragarria izaten jarraituko duela ez dago dudarik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia