}

Ilargiaren mantua nola irauli zen ulertzeko eredu bat aurkeztu dute

2024/04/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ilargiaren-mantua-nola-irauli-zen-ulertzeko-eredu
Ilargiako materialen eta eremu magnetikoaren datuak azaltzen dituen azken hipotesiaren irudiak. Arg. Adrien Broquet (LPL) eta Audrey Lasbordes

Ilargiaren azaletik gertu titaniozko arrokak egotea eta grabitazio-eremuan neurtutako anormaliak azaltzeko eredu bat aurkeztu dute Txinako eta AEBko zientzialariek. Ereduaren arabera, Ilargiaren mantua irauli egin zen, duela 4200 milioi urte. Nature Geoscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Zientzialari gehienek babesten dute Ilargia talka baten ondorioz sortu zela dioen hipotesia. Duela 4500 milioi urte, gorputz handi batek Lurraren aurka jo zuen, eta askatu zen materiala trinkotzean eratu zen Ilargia. Hortik aurrerako historia geologikoari buruz interpretazio bat baino gehiago daude.

Haietako baten arabera, badirudi Ilargiko materialen kristalizazioak ehunka miloi urte iraun zuela, eta kristalizatu zen azken magma aberatsa zen mineral astunetan, hala nola ilmenitan. Ilmenitak titanio asko du eta azpian geratu ziren materialak baino dentsoagoa da. Hortaz, hondoratu egin zen, eta azpiko materialak, berriz, azalera atera ziren. Gero, nukleora gertutaratutakoan, berriro urtu zen ilmenita, eta azalerantz itzuli zen. Horrek azaltzen du zergatik diren titanioan aberatsak azaletik gertu dauden arrokak.

Orain aurkeztu den ereduan parte hartu duen ikertzaileetako batek, aurrez egindako beste ikerketa batean, ondorioztatu zuen titanioan aberatsa zen geruza horrek Ilargiaren alde ikusgarira migratu zuela lehenik, seguru asko alde ezkutuan gertatu zen talka baten ondorioz. Eta gero, barrurantz hondoratu zen, ur-jauzien modura. Horrela sortu ziren geruzek bat egiten dute grabitazio-eremuaren neurketetako datuekin.

Izan ere, 2011n eta 2012an, GRAIL misioan, NASAren bi ontzik grabitazio-eremua neurtu zuten, eta zenbait anormalia ikusi zituzten. Orain egin dituzten azterketetan, grabitazio-eremuaren datuek bat egin dute ilmenitaren banaketa azaltzeko hipotesiarekin. Hain zuzen, frogatu dute anomalia horiek titanioan aberatsak diren arrokek sortutakoak direla. Hurrengo misioetan hipotesi horren aldeko froga gehiago biltzea espero dute.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia