}

Ilargiko krater misteriotsua

2001/05/08 Elhuyar Zientzia

1178. urteko ekainaren 25ean Canterburyko bost monjek Ilargian leherketa ikusi zutela adierazi zuten. "Ilargiari sua, txingarra eta txinparta zerion" jaso zuen Ierbasio monjeak orduan. 8 mende geroago errusiarren Lunik III espazio-ontziak krater nahiko gazte bat aurkitu zuen Ilargian eta ordutik zenbait zientzialari bi fenomenoen arteko lotura frogatu nahian aritu dira. 1178ko eztanda hura meteorito baten talka izan zen eta meteorito hark sortu zuen Giordano Bruno kraterra.

Astronomo gehienak eszeptiko samar agertu dira teoria horren aurrean, baina kraterraren laginik gabe nekez finka daiteke adinik eta, ondorioz, ez dago teoria gezurtatzerik. Izan ere, Giordano Bruno kraterra azken 350 milioi urteetako edozeinetan era zitekeen, eta 800 urte bakarrik dituela uste ez bada ere, probabilitatea ez da zero.

Hala ere, gehiengoa dira teoriaren kontra dauden astronomoak. Giordano Bruno kraterra eratzeko gai izan zen meteorito batek 10 milioi tona arroka erauziko lituzkeela eta partikula gehienek 0,1 eta 10 cm bitarteko diametroa izango luketela kalkulatu da. Arroka-zati horiek guztiek Europa eta Asia osoan zehar ikusteko moduko ozar-izar ikaragarria eragingo lukete Lurraren atmosferan sartzean, baina inongo idatzi historikoetan ez omen da halako fenomenorik jaso, ez balizko talkaren hurrengo egunetan ezta hurrengo urteetan ere. Izan ere, talkak espaziora jaurtitako arrokazko hodeiak barreiatu arte, zenbait hamarkadaz ozar-izarrak urtero gertatu behar zuen. Horregatik, 1178 urtean ez zela talkarik gertatu eta Giordano Bruno kraterra ez dela ordukoa defendatzen dute astronomo gehienek. Historio polit baten amaiera?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia