Ilargira bidaia poltsikoa urratu gabe
1995/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
NASA Agentzia Ilargirako bidaia berria prestatzen ari da. 1997an egingo den ikerketa espedizioaren helburua Ilargiaren Hego eta Ipar Poloetako izotz-lakuak aztertzea izango da. Bidaian parte hartuko duten ikerlariek uste dutenez, Ilargiaren gainazalean atzeman diren lakuetako izotza gizakiaren kontsumorako erabili ahal izango da etorkizunean.
Prestatzen ari diren azken bidaia horretan, bestalde, 1970eko hamarkadan Apollo espaziuntziak egin zituen ikerketak osatzeko modurik izango da. Ilargiaren inguruko grabitazio-eremuen azterketa xehetua egingo dute, Apollok emandako datuak osatzeko asmoz.
Bidaiaren antolakuntzak polemika bizia sortu du NASArako lan egiten duten enpresen artean, agentziaren lan-filosofia berriak ezustean harrapatu baititu gehienak eta aurrekontuak murrizteko agindu zorrotza jaso baitute. Lema berria aurkitu omen dute NASAn ere: “Merkea, azkarra eta ona”. Datu fidagarririk kaleratu ez bada ere, arestian aipaturiko bidaiak lemarekin bat datorrela diote. Aurkezturiko proiektuen artean, merkeena aukeratu du NASAk, 150 milioi dolarreko kostua izango duena hain zuzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia