Iman ñimiñoak asmatu dituzte
2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Guk uste baino tresna gehiagotan erabiltzen dira imanak. Hori dela eta, zientzialariak propietate magnetikoak dituzten material berrien bilaketan tinko dihardute, baita magnetismoaren funtsa hobe ulertzeko ikerkuntzan ere.
Riversiden dagoen Kaliforniako Unibertsitateko eta Liverpool eta Oxfordeko Unibertsitateetako ikertzaileek eman dituzte gai horretan azken aurrerapausoak.
Egitura molekularretan bi erradikal bata bestearen ondoan elkartzean, atomoen balentzia-elektroien arteko lotura gertatu barik, esaten da singletea den birradikala lortu dela. Birradikalak dituzten materialak magnetikoki aktiboagoak dira. Kaliforniako Unibertsitateko lantalde batek singletea den birradikala eratzea eta giro-tenperaturan egonkor mantentzea lortu du. Horretarako, boroa eta fosforoa erabili dituzte.
Bestalde, Liverpool eta Oxfordeko Unibertsitateetako kimikari eta fisikariek oxido magnetiko berria lortu dute: LaSrCoO3HO.7, hain zuzen ere. Negatiboki kargaturiko hidrogeno-atomoek bideratzen dute interakzio magnetikoa material horretan eta lehenengo aldiz agertu dira hidrogeno-ioiak eta oxidoa elkarrekin material magnetiko batean.
Aurkikuntza horiek material magnetiko berriak ekoizteko oinarriak jarri dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia