}

INASMETeko kimikarien errekuntza-esperimentuak mikrograbitatean

2002/03/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Iñigo Agote kimikariak ESAk antolatutako hegaldi parabolikoetan parte hartuko du zenbait esperimentu egiteko.

Hauts-egoeran dauden metaletatik abiatuta aleazioak sortzea erraza da. Aktibazio-energia emanda, hau da, erresistentzia baten bitartez berotuta, berez hedatzen den erreakzio exotermikoa gertatzen da, eta metalak nahastu egiten dira. Baina nola gertatzen da erreakzio hori mikrograbitatean?

INASMET zentroa hori ikertzeko proiektu batean murgilduta dago, eta, horretarako, Iñigo Agote kimikariak hegaldi parabolikoetan parte hartuko du.

Hiru modu erabiltzen dira normalean mikrograbitatea lortzeko: dorre batetik erorketa askea eginez, zundaketa-kohete baten bitartez eta hegazkin baten bitartez. Proiektu honetan azken aukera hautatu da, 25 segundo inguruko mikrograbitatea lor daitekeelako kostua oso handia izan gabe.

Datorren astean, beraz, bereziki horretarako prestatutako Airbus 300 hegazkin batek 30 hegaldi paraboliko egingo ditu. Hegaldi horietako bakoitzak hiru fase ditu: 45°-ko gorakako hegaldia, desazelerazioz lortutako ibilbide parabolikoa eta 45°-ko beherakako hegaldia. Lehenengo eta hirugarren faseetan, 1,8 g-ko grabitatea izaten da, baina bigarrenean mikrograbitatea sortzen da, hau da, ia grabitaterik gabeko egoera.

Esperimentu horiekin egoera berezi horietan erreakzioen mekanismoak aldatzen diren edo ez jakin ahal izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia