Nautilus, itsaspean errege
2004/01/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
1952an lehenengoz uretan murgildu zenean, itsaspekoen erregea zen, zalantzarik gabe. Gainerako itsaspekoak baino handiagoa zen, eta autonomia askoz handiagoa zuen. Nagusitasun hori erreaktore nuklearrei esker lortu zuen Nautilus -ek, izan ere, lehenengo itsaspeko nuklearra izan zen.
Gaur egun nuklear hitza entzute hutsak hotzikarak eragiten ditu; izan ere, energia nuklearra entzutearekin bat hondakin nuklearrek eragindako arriskuak etortzen dira gogora.
Arriskuak arrisku, energia nuklearrak, armagintzan batez ere, izugarrizko aurrerakuntza ekarri zuen.
Ibilgailu nuklearrei dagokienez, itsaspekoak izan ziren aitzindari. Nautilus eraiki zutenean, itsaspekoek Diesel motorrak zituzten propultsiorako. Baina ur azpian luze ibiltzeko zailtasun nabarmenak zituzten; izan ere, Diesel motorrek oxigenoa behar dute errekuntzarako, eta, oxigeno-kantitate mugatu bat garraia dezaketenez, agortzen denean, motorra geratu egiten da, eta ezin du bateriak betetzen jarraitu. Ondorioz, ur-azalera igo behar izaten zuten sarri samar motorrak martxan jarri eta bateriak betetzera.
Nautilus -en erreaktore nuklearrak, ordea, ez zuen oxigenoaren beharrik, eta, horri esker, luzaroan egon zitekeen azalera igo gabe.
Autonomiari dagokionez ere, errekorrak hautsi zituen; izan ere, Nautilus -ek ehun mila itsas milia egiteko, 160 mila kilometro inguru, pilota baten neurriko uranio-puska bat besterik ez zuen behar. Horri esker, ez zeukan hain sarri porturatu beharrik erregai bila.
Garai hartako kroniken arabera, nahi adina denbora egin zezakeen ur azpian; dena dela, benetako muga eskifaiak jartzen zuen: ez zen erraza izango itsaspekoaren barruan pilatzen ziren 116 lagunentzako egunak eta egunak igarotzea eguzkiaren argirik ikusi gabe.
Nautilus -en bidaiarik luzeenetako bat 1958an izan zen. Honolulutik irten zen eta ez zen gelditu Ingalaterrako Portland-eko kaira iritsi arte. Bidaia luze hartan, Arktikoko izotz-geruza zeharkatu zuen 95 orduan, itsas hondoan, ezinbestean. Bidaia hartan, Ipar polora heldu zen lehenengo urpekoa bihurtu zen.
Itsaspeko erraldoia
Lehenengo itsaspeko nuklear hark argi erakutsi zuen itsasontzien neurriko urpekoak egitea posible zela. Izan ere, ia ehun metro luze zen, eta hiru mila tonako pisua zuen.
Dena dela, handia izanagatik ez zen batere makala; alderantziz, propultsio nuklearrari esker, 20 korapiloko abiadura lor zezakeen, ia 40 km/h. Hala, garai hartako itsaspeko azkarrenak atzean uzten zituen.
Nautilus , bere garaiko itsaspeko azkarrena.AEBen arerioak ez zituen itsaspeko nuklearraren tamaina eta abiadura ikaragarriak bakarrik beldurtzen.
Nautilus gerrarako oso ongi hornituta zegoen: sei torpedo-jaurtigailu zituen, eta 24 torpedo jaurti zitzakeen.
USS Nautilus (SSN 571)-k izan zuen arrakasta ikusita, AEBetako Armadak Nautilus izeneko itsaspeko nuklear gehiago eraiki zituen. Gainerako ibilgailu eta tresna nuklearrak geroago etorri ziren, hala nola, itsasontziak, hegazkinak, sateliteak...
Propultsio nuklearraz mugitzen diren ibilgailu guztiek oinarrizko sistema bera dute. Mugiarazten dituen erreaktorea zentral nuklearretako erreaktoreen oso antzekoa da, txikiagoa izatea.
Nautilus -ek bi ur-zirkuitu bereizi zituen. Uranio-235aren fisioak ur-zirkuitu bat berotzen zuen, eta hark, aldi berean, beste ur-zirkuitua. Bigarren ur-zirkuitu hartan turbina bat zeukan, ur-lurrunak mugiarazten duena. Lurrun-turbina hark itsaspekoko elektrizitate-sorgailuak eta propultsagailuak martxan jartzen zituen.
Esan bezala, bi ur-zirkuituak bereizita zeuden, eta, horri esker, itsaspekotik kanpora substantzia erradioaktiboak ez irtetea lortzen zen. Izan ere, lehenengo zirkuituan uranioaren fisioan sortutako isotopo erradioaktiboak pilatzen ziren.
Nautilus zaharra
Nautilus museoa. Grotonen dago AEBetan.Hondakin erradioaktiboak zirela eta, Nautilus -ek ez zuen arazo handirik izan, erretiratu zuten arte ez behintzat. Baina itsaspeko nuklearrek, orokorrean, itsasora hondakin asko isuri izan dituzte, istripuetan sortutako matxuren eraginez, gehienbat.
Ehunka dira munduko itsaso guztietan barna dabiltzan itsaspeko nuklearrak eta gisa horretako urpekoek lan handia ematen dute lehenago edo geroago. Zaharrak direnean, konponketak geroz eta sarriago behar izaten dituzte, eta, ezinbestean, erretiratzen dituztenean, barruan pilatutako hondakin erradioaktiboak tratatu egin behar izaten dira.
Nautilus-ek 1980an egin zuen bere azken bidaia. Lehorrera ekarri zuten, eta bost urteko lanaren ondoren museo bihurtu zuten, hondakin nuklearrak kenduta eta zenbait aldaketa egin eta gero, noski. Gaur egun AEBetako Groton hirian dago ikusgai, Nautilus museoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia