}

Inbaditzaileak Antartikan

2006/07/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Duela urte mordoxka bat, Antartikako Ituna sinatu eta indarrean jarri zuten hamabi estatuk (gero beste asko batu zaizkie). Itun haren bidez, sinatzaile guztiek onartu zuten Antartika ez zela inorena, eta bakerako eta zientziarako kontinente izendatu zuten. Eta zutabearen izenburuak kontrakoa aditzera eman dezakeen arren, ituna indarrean dago oraindik ere.
Antartika satelitetik ikusita.
NASA

Antartika ez du inongo armadak inbaditu, ez. Betetze-mailari dagokionez behintzat, Antartikako Ituna arrakasta handiena izan duen nazioarteko itunetako bat da gaur egun. Tira-bira politikoetatik eta ustiapen ekonomikotik at gorde du kontinentea gaurdaino, eta espero dezagun aurrerantzean ere berdin segituko duela. Beste gisa batekoak dira Antartikara iritsi diren inbaditzaileak. Antartikakoak eta han ingurukoak ez diren animaliak, landareak eta mikroorganismoak dira adituen artean kezka piztu duten inbaditzaileak.

Orain arte, klima hotzak eta bizi-kondizio gogorrek isolatuta gorde dute Antartika; oso muturreko baldintzak ziren kanpoko espezieek han arrakasta izateko. Baina gauzak aldatzen ari dira. Alde batetik, litekeena da berotze globalak bidea erraztea hainbat espezieri, eta 'beren' kabuz Antartikara iristeko aukera ematea. Bestetik, geroz eta itsasontzi eta jende gehiago joaten da urtero Antartikara. Eta, horiekin batera, baita espezie arrotz gehiago ere. Izan ere, munduko hainbat tokitan egindako ikerketek argi utzi dute lotura zuzena dagoela gune isolatuek jasotzen duten bisitari-kopuruaren eta espezie arrotzen kopuruaren artean.

Espezie arrotzak jasotzeak ez du esan nahi espezie horiek inbaditzaile bihurtuko direnik. Egokitu ez eta desagertzea gerta liteke; baina kontrakoa ere bai: gehiegi zabaldu eta bertako ekosistema arriskuan jartzea. Hain zuzen ere, bigarren fenomeno hori munduko bazter askotan ari da gertatzen. Antartika ez da, beraz, salbuespena, ez lehenengo kasua; baina eskualde berezi-berezia izaki, laborategi naturaltzat, eredutzat jotzen da ikerketa-arlo askotan. Horregatik, ikertzaileek neurriak hartu nahi dituzte lehenbailehen.

Dagoeneko berrehunen bat espezie arrotz identifikatu dituzte Antartika inguruko uharteetan, eta kasu batzuetan kalte handiak eragin dituzte. Hala ere, kontinentera bertara gutxi batzuk baino ez dira oraindik iritsi , eta, horregatik, aurrea hartzeko garaiz gaudela uste dute ikertzaileek. Oraingoz, Antartikako Itunaren Aholku Batzordeak kontrol-neurriak zorrozteko lehen pausoak eman ditu, eta, hasteko, espezie arrotzak lehentasun handieneko ikergai izendatu ditu.

Argazkia: artxibokoa

Horrekin batera, Ozeano Antartikoan nabigatzen duten itsasontzientzako gida berria proposatu dute, itsasontzi handiek lasta gisa erabiltzen duten ura baita espezie arrotzen ohiko iturrietako bat. Zamaturik ez daudenean seguruago nabigatzeko, itsasontziek urez kargatzen dute ontzia, eta urarekin batera bizidun piloa ere garraiatzen dute toki batetik bestera. Bizidun horiek Antartikara ez sartzeko, lasta-ura Antartikara iritsi aurretik aldatzea proposatu du aholku-batzordeak. Baina proposamena arau bihurtzea ez dago haien esku.

Azkenik, Antartikara heltzen diren bisitari guztiek jarraitu beharreko 'garbitasun-protokolo' bat ere diseinatu nahi dute, turismoari dagokionez bereziki. Izan ere, denbora gutxian asko hazi da turismoa. Pentsa, gaur egun 31.000 turista jasotzen ditu urtean Antartikak -duela bost urte baino bi aldiz gehiago- eta hamarkada bat barru 100.000 izan daitezkeela aurreikusten da. Beharbada, gizakia da kontrolatu beharreko lehen espezie inbaditzailea, nahiz eta oraingoz ez duten lortu turismoa mugatzeko proposamenek aurrera egitea.

Berria egunkarian argitaratua.