}

Indarrak eta adarrak orekatuz

1995/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Biologoen esanetan, adarrak arma gisa erabiltzen dituzten animaliek garezurrean motelgailu-sistema berezia dute.

Animalia askok adarrak eta garezurra erabiltzen dituzte buruz buruko borrokatan eraso egiteko. Chicagoko Unibertsitateko biologo-talde batek frogatu duenez, ahuntz aziendako animaliek giza garezurra aise zatituko lukeen indarra jasaten dute borrokan ari direlarik. Biologoen esanetan, adarrak arma gisa erabiltzen dituzten animaliek garezurrean motelgailu-sistema berezia dute eta horri esker jasan ditzakete arestian aipatutako kolpe-indarrak. Hipotesi hori baieztatzea izan da, hain zuzen, taldeko biologoen zeregina azken hilabeteotan.

Ikerketa egiteko hildako ahuntzen garezurrez baliatu ziren biologoak. Garezurra osatzen duten hezur-plakek jasan dezaketen indarra neurtzeko, tentsiomentroak ipini zizkioten eta animalien borrokatan gertatzen diren kolpeak berun-pisuen bidez simulatu zituzten. Biologoek baieztatu dutenez, kolpeak indar hedagarria sortzen du adarren aurrekaldean eta garezurraren atzekaldea berriz, konprimituarazten du. Motelgailu-mekanismo horri esker lortzen dute animalia horiek borrokan jasaten den indarrak burua bere lekutik ez banatzea. Ikerketaren behin-behineko emaitzak plazaratu badituzte ere, aztertzen dihardute biologoek. Izan ere, hezur-plakak zerk mugiarazten dituen ez dago oso argi. Biologoen ustez, ahuntz-aziendako animalien adarrek zig-zag itxura izateak baluke zerikusirik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia