Nectocarisaren inguruko misterioa, argituta
2010/05/27 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Burgess Shale-ko (Kanadako Columbia Britainiarra) fosil-harrobian aurkitutako izaki bitxienetako bat, Nectocaris pteryx, molusku zefalopodo primitibo bat bezala identifikatu dute egunotan.
Haren fosila aurkitu zutenetik hainbat hamarkada pasa diren arren, orain artean ikertzaileek ez dute lortu hura taxuz sailkatzea; artropodoen eta kordatuen ezaugarriak dituela esan izan da urteotan.
Orain, Burgess Shale-n bildutako 90 bat espezimen aztertuta “misterioa” argitzea lortu dutela uste dute Kanadako paleontologoek. Zentimetro gutxi batzuk baino ez dituen Nectocaris-a gorputz biguneko molusku bat dela ondorioztatu dute, txibia edo txokoen antzekoa, nahiz eta bi tentakulu baino ez dituen.
Aurkikuntza garrantzitsua izan daiteke moluskuen bilakaeraren berri izateko, eta, batik bat, zefalopodoen jatorria eta azken hauek beste molusku-mota batzuekin duten erlazioa aztertzeko.
Argazkia: Marianne Collins eta Jean-Bernard Caron
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia