}

Informazioa, aldaketa bultzatzeko

2007/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Interneten, datu-base interesgarri bat sortu berri da: CARMA Carbon Monitoring for Action , hau da, gutxi gorabehera, "karbono dioxidoaren jarraipena, eragiteko". Datu-base horren arabera, Australiako zentral elektrikoak dira atmosfera gehien poluitzen dutenak, biztanle bakoitzeko. Haien atzetik, Estatu Batuetakoak daude.
CARMA datu-baseak aldaketa bultzatu nahi du, eta, horretarako, informazioa denen eskura jartzen du.

Asko harritu egin dira CARMAk emandako datuekin, sarritan aipatzen baitira Txina eta India gehien poluitzen dutenen artean, baina bi herrialdeak oso atzean azaltzen dira CARMAren zerrendan. Hala, beste behin ere, agerian geratu da datuak emateko modu asko daudela, eta oso garrantzitsua dela zertan oinarritzen diren jakitea, ondorio zuzenak ateratzeko.

Kasu honetan, Estatu Batuetako erakunde independente bat da iturria. Hain zuzen, CGD Garapen Globalerako Zentroak, politikoki independentea den ikerketa-erakunde batek, sortu du datu-basea. Karbono dioxido isurien datuak modu zehatzenean eta argigarrienean ematea da asmoa, elektrizitatea ekoizteko moduan aldaketa eragiteko. Haien esanean, ondo informatzea da aldaketari ekiteko lehenengo pausoa.

Azken batean, informazioa emanaz, klima-aldaketari aurre egiten lagundu nahi dute. Adibidez, bai Txinan bai Indonesian, asko poluitzen zuten zentral elektriko batzuk itxi egin behar izan dituzte, inguruan bizi zirenen presioarengatik. Hori beste maila batean gertatzea posible dela uste dute. Horregatik, CARMA.org web gunean, mapa ugari eta datuak era askotara kontsultatzeko aukera ematen dituzte.

Datu errealak

Datuak biltzeko, mundu osoko 4.000 elektrizitate-konpainiari eta 50.000 zentrali jarraipena egin diete. Zenbat elektrizitate sortzen duten, zenbat karbono dioxido isurtzen duten eta isurien intentsitatea neurtu dute, hau da, zenbat gas isurtzen duten sortzen duten elektrizitatearekiko. Izan ere, karbono dioxidoa da berotegi-efektuaren erantzule nagusia, eta, horrenbestez, baita klima-aldaketan gehien eragiten duen faktoreetako bat ere. Eta elektrizitate-ekoizpena da atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren % 25en jatorria.

Karbono dioxidoa da berotegi-efektuaren erantzule nagusia..

Beste iturri batzuek emandako datuetan, energia-ekoizpenetik ondorioztatzen zen zenbat poluitzen zuen; alegia, zenbat eta energia gehiago sortu, orduan eta poluitzaileagoa izango litzateke herrialde bat. CARMAk, ordea, zentral bakoitzari begiratzen dio, eta datu errealak jasotzen ditu. Hala, aintzat hartzen ditu zentral-mota, erabiltzen duen erregaia, sortzen duen energia, isurtzen duen karbono dioxidoa, eta isurien intentsitatea, hau da, zenbat gas isurtzen duen ekoizten duen elektrizitatearekiko.

Horrenbestez, CARMAren datuak oso zehatzak dira. Adibidez, beste erakunde batzuek ez dute kontuan hartzen zentral hidroelektrikoek eta nuklearrek ez dutela karbono dioxidorik sortzen; CARMAk, bai. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, zentral horiek ez dutela arazorik sortzen ingurumenean, baina ez dute berotze globalean eragiten, eta hori nabarmen ikusten da CARMAren web gunean. Hain justu, munduan elektrizitate gehien sortzen duten hiru zentralak hidroelektrikoak dira. Lehenengoa Brasilgo Itaipu da, bigarrena Txinako Hiru Zintzurrak, eta, hirugarrena, Venezuelako Raul Leoni.

Bestalde, nabaria da ikatza erretzen duten zentralek isurtzen dutela karbono dioxido gehien. Isurien txapelduna Txinan dago. Taichung Lung-Ching Township Taiwan izena du zentralak, eta urtean 42,3 milioi tona isurtzen ditu atmosferara. Horren atzetik Hego Koreako zentral bat dago, eta hirugarren tokian Txinako beste bat azaltzen da.

Hala ere, ez da Txina guztira karbono dioxido gehien isurtzen duen herrialdea; Estatu Batuek dute ohore hori. CARMAren arabera, urtean 2.790 milioi tona isurtzen dituzte herrialde hartako zentral elektrikoek. Hori bai, Txinak gertutik jarraitzen dio, 2.680 milioi tona isurtzen baititu. Ondoren datoz Errusia, India, Japonia, Alemania, Hegoafrikar Errepublika eta Hego Korea. Espainia 14. lekuan dago, 148 milioi tonarekin, eta Frantzia 29.ean, 45,8 milioirekin.

Frantziaren adibidea ikusita, argi dago zentral hidroelektrikoak ez ezik zentral nuklearrak ere baliogarriak direla karbono dioxido isurketen zerrendaren lehen postuetatik ihes egiteko. Hori baino are baliogarriagoa da, ordea, energia gutxi sortzea. Eta, horretarako, zenbat eta gutxiago industrializatuta egon, orduan eta “hobetoâ€: gehien isurtzen duten 50 herrialdeen zerrendan, Afrikako bi herrialde besterik ez da ageri, Hegoafrikar Errepublika eta Egipto. Hego eta Erdialdeko Amerikako herrialde gehienak ere ez dira zerrendan azaltzen, ezta Asiakoak ere.

Energia-eredua aldatu beharra

Herrialde garatuek isurtzen dute gaur egun atmosferako karbono dioxidoaren % 60.

Gaur egun, herrialde garatuek isurtzen dute atmosferako karbono dioxidoaren % 60. Alabaina, garatzeko bidean dauden herrialdeek laster harrapatuko dituztela aurreikusten dute adituek, eta, gainera, horren ondorio larrienak ere haiek jasango dituztela. Izan ere, karbono dioxido isurketek eragina dute bizitzeko oinarrizkoak diren elementuetan, hala nola ur edangarrian, janari-ekoizpenean, giza osasunean...

Hori guztia saihesteko eta klima-aldaketa gelditzeko modu bakarra energia-eredua aldatzea da. Horretan laguntzeko helburuarekin sortu dute CARMA, gizartea informatuta egotea aldaketa bultzatzeko lehen pausoa dela uste baitute. Behintzat, erabiltzaileak badituzte, web gunea plazaratu eta lehen bi egunetan 187 herrialdetako 150.000 bisitari izan baitituzte. Erabili behar dutenek erabiliko duten, hor dago koska.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia