Informazioa soinu gisa gorde
2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zuntz optikoetan, argi-pultsuen bidez garraiatzen den informazioa soinu-uhinetan gorde daiteke denbora-tarte batean, Duke Unibertsitateko fisikari-talde batek egin duen esperimentu baten arabera.
Informazioak oso azkar bidaiatzen du argi-izpi moduan bidaltzen denean. Helmugara iritsitakoan, ordea, ezin da abiadura berean prozesatu. Iritsi eta prozesatu bitartean informazioa ez galtzeko, seinale elektriko bihurtzen da argia, normalean.
Hala, denbora-tarte txiki batean gorde daiteke, eta, orduan, berriz seinale optiko bihurtu eta prozesatzen da. Prozesu horrek albo-ondorio bat du: beroa sortzen du; zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta bero handiagoa.
Duke Unibertsitateko taldeak beste bide bat bilatu nahi izan zuen informazioa gordetzeko. Seinale optikoa seinale elektriko bihurtu ordez, soinu-seinale bihurtu zuten. Horretarako, informazioa zeraman zuntz optiko batean pultsu motz bat bidali zuten, argi-pultsuaren kontrako noranzkoan. Bi argi-pultsuek talka egin zutenean, elkarri eragin zieten, eta interferentziak sortu zituzten. Interferentzia horiek zuntzaren propietateetan eragin zuten, eta soinu-uhinak eratu zituzten.
Hamabi nanosegundotan eutsi ahal izan zioten soinu-uhinari. Ondoren, beste pultsu motz bat bidali zuten. Soinu-uhina zegoen zuntz-zatira iritsi zenean, soinu-uhina argi-uhin bihurtu zen berriro.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia