}

Ingurugiro-kudeaketa enpresan

1998/01/01 Etxaide, Maider Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun guztiek onartzen dute garapen ekonomikoa eta ingurugiroa oso estuki lotuta daudela eta politika ekonomiko oro diseinatzerakoan biak uztartu beharra dagoela. Ingurugiro-irizpideak garapen ekonomikorako estrategia eta ereduetan txertatzen ari dira asko eta horren ondorioz, ingurugiroa gero eta garrantzitsuagoa da politika ekonomiko eta enpresarialetan, administrazio publikoetako kudeaketa-sistemetan, fabrikazio-prozesuetan, produktuen diseinuetan eta kontsumitzaileen portaeran.

Gaur egun, ingurugiroa kalitate-kontzeptuari estuki lotutako lehiakortasun-faktorea da eta ingurugiro-kudeaketa enpresaren kudeaketaren arlo estrategiko izatera iritsi da. Ingurugiroaren kudeaketa ikusmolde global estrategikoa da, enpresaren ingurugiro arriskuak identifikatzen, ebaluatzen eta kontrolatzen ahalbidetzen duena eta, horrez gain, ekoizpen-prozesuaren akats eta hutsuneak aurkitzen eta alternatibak bilatzen laguntzen duena.

Ingurugiro-ikuskaritzako sistema desberdinak merkatuan

CAF

Ingurugiro-kudeaketarako sistema lantoki jakin batean, enpresa-lerro batean edo sektore batean ingurugiro-kudeaketa burutzen den modu zehatzari esaten zaio. Ingurugiro kudeaketarako sistema ezartzeak ingurugiro-irizpideak enpresaren gestio globalean barneratzea esan nahi du. Hiru sistema-eredu lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan kokatuta dagoen enpresa batek aukeran: batetik, nazioartekoa, ISO 14.001 arauak ezarria; bestetik, Europako Ekogestio eta Ekoauditoria Sistema (EMAS), Europako Elkarteko 1.863/1993 Arautegiaren bidez sartua; eta, hirugarrena, Espainiakoa, UNE 77-801/94 arauak ezarria.

Hiruotan ingurugiro-kudeaketarako sistema ezartzea borondatezkoa da eta hiruok baldintza zorrotz batzuk ezartzen dizkiote enpresari, beronen ingurugiroarekiko jokabidea etengabe hobearaziz. Hala izanik ere, sistema horietako edozeinetara atxikitzen den enpresa ez dago ekoizpen garbiaren bidean sartzera behartuta, ezen sistema horiek arauen betetze hutsa behartzera baino areago ez baitira iristen: ez dute, beraz, substantzia arriskutsurik ez produkzio-sistemarik ordezkatzea agintzen.

Sistema desberdin hauek guztiak bateratzearren, Europako Normalizazio Batzordeak (EN) ingurugiro-kudeaketarako sistemen arau europarra taxutu zuen, ISO-14.000 nazioartekoa bere horretan hartuz. Horrela UNE-EN-ISO arauak jaio ziren. Hauek ez diote inolako trabarik egiten UNE sistema lehendik bereganatuta duen enpresari. Are gehiago, enpresa batek ingurugiro-kudeaketarako sistema UNE 77.801en arabera ezarrita baldin badu, ziurtagiri biak batera eskuratu ahal izango ditu zuzenean.

Bestalde, ingurugiro-kudeaketarako sistemaren ziurtapena EN ISO-14001 arauaren arabera eskuratuko duten enpresek EN erakundeak taxututako zubi-dokumentuan zehaztuta dauden eskakizunak ere bete beharko dituzte Europako Batasuneko sisteman izena emanda egon nahi badute.

Sistemen arteko aukera eginez

Sistema guztien artean badago nahikoa desberdintasunik, enpresari aukera egiteko argudio aski eskainiko dizkiotenak. Esaterako, Europako Arautegiak hasierako ebaluazioa egin dadila xedatzen du; ISO eta UNE arauek, berriz, ez dute horretara behartzen. 1863/93 Araua industrietarako soilik moldatuta dago. Besteak, berriz, edozein enpresatarako.

Ingurugiro-ikuskaritzako sistema desberdinak daude, eta beraien artean desberdintasunak daudenez, enpresa bakoitzak egokien datorkiona hauta dezake.

Europako Batasuneko arauak urteroko ingurugiro-aitorpena egitea eskatzen du eta beste arauek, berriz, ziurtagiria ematen duen entitateak eginiko eta enpresaren barne ikuskaritzan oinarrituriko urteko ikuskapena egin beharra soilik xedatzen dute.

Oro har, Europako Batasuneko sistemara atxikitzen diren enpresek eskakizun zorrotzagoak bete beharko dituzte eta ahalegin handiagoa egin beharrean egongo dira beste arauen sistemetara soilik atxikitzen direnak baino. Horren arabera, sistema europarra erabiltzea desabantailatsua dela dirudike. Aitzitik, horrek enpresaren ingurugiro-kudeaketarako sistemari berme handiagoa eskainiko dio eta, ondorioz, bere izen ona indartu egingo du ezpairik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia