}

"Ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarren dekalogoa" aurkeztu da zientziaren eta komunikazioaren arloetako profesionalen eta ikasleen aurrean

2024/02/23 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Dekalogoak biltzen dituen puntu nagusiak azaltzearekin batera, mahai-inguruan hausnarketa egin da klima-larrialdiaren inguruan eta haren berri emateko kontuan izan beharreko gakoen inguruan.

ingurumenari-buruz-komunikatzeko-elhuyarren-dekalo

Elhuyarrek Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntzarekin egindako Ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarren dekalogoa aurkeztu du zientziaren eta komunikazioaren arloetako profesionalen eta zenbait gradutako ikasleen aurrean, haien etorkizunerako profesioetan ere baliagarri eta beharrezko izango dutelakoan. Aurkezpena Donostiako “Etorkizuna Eraikiz” espazioan egin da, “Ingurumenari buruzko komunikazioa klima-larrialdiaren aurrean” izena duen mintegian.

Unai Andueza Iraeta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapeneko zuzendari nagusiak ongietorria eman ostean, Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak dekalogoa aurkeztu du. Zientzialariek, gizarte-eragileek, hezkuntza-eragileek eta zientzia-dibulgatzaileek elkarlanean egindako prozesu baten emaitza da dekalogoa. Aurrekaririk gabeko ingurumen-larrialdi baten aurrean gaudenez, helburua da komunikazio arduratsua eta, era berean, sozialki eraginkorra egitea. Hausnarketarako proposamena izan nahi du dekalogo honek, eta, horretarako, 14 gako biltzen ditu.

  1. Sistema konplexua denez, begirada osagarriak integratu.
  2. Arazoen eta irtenbideen adibide lokalak eman, baina ez galdu eskala globalaren ikuspegia.
  3. Ez izan katastrofista. Baliatu etorkizun desiragarriak irudikatzeko.
  4. Justiziaren dimentsioa eztabaidara ekarri.
  5. Aldendu narratiba eurozentristatik.
  6. Baztertu begirada hertsiak, hala nola androzentrismoa eta antropozentrismoa. 
  7. Denok dugu zer egina, baina ez erantzukizun bera.
  8. Irtenbidea soziala eta politikoa da, ez soilik teknologikoa.
  9. Naturaren balioak transmititu: bizitza erregulatzea, ongizatea, zaintza, erantzukizuna, oparotasuna, lurraldearen kustodia… 
  10. Osasun Bakarra: kalitatezko bizimodua izateko, ezinbestekoa da kalitatezko ingurumena. 
  11. Zalantzan jarri gure sistema ekonomikoan errotutako kontzeptuak.
  12. Eman hitza mugimendu sozialetatik datozen proposamenei. 
  13. Ikuspegi kritikoa izateko baliabideak eman, eta negazionismoak hartzen dituen formak identifikatu.
  14. Euskaraz komunikatu, jasangarritasuna sustatzeko.

Dekalogoa aurkeztu ostean, mahai-inguru bat egin da, Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko zientzia-komunikatzaile eta Euskadi Irratiko Ekosfera eta Norteko Ferrokarrila” irratsaioen zuzendariak gidatuta. Hauek parte hartu dute: Unai Pascual Garcia de Azilu, BC3ko ikertzailea; Eli Pagola Apezetxea, Naiz irratiko Gelditu makinak ingurumen-saioko kazetaria; Estitxu Villamor Lomas, EKOPOLeko ikertzailea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyarreko zientzia-komunikatzaile eta dekalogoaren koordinatzailea. Beatriz Egizabal Ollokiegi aktoreak egindako akta antzeztuak eman dio amaiera mintegiari.

“Ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarren dekalogoa” Pernan Goñiren ilustrazioekin osatu da, eta zientzia.eus webgunean dago deskargagarri. DEKALOGOA.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza jaso du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia