Inoiz aurkitu duten armiarma fosilik handiena
2014/02/04 Jauregi Larretxea, Oihana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jurasiko garaikoa da orain gutxi aurkitu duten armiarma fosila (199 eta 145 miloi urte artean). 1,65 zentimetro luze da, eta aurreko hanketako batek, 5,82 zentimetro neurtzen ditu. Inoiz aurkitu duten armiarma fosil handiena da, eta Txinako Barne Mongolia eskualdean agertu da, Daohugouko aztarnategian. Naturwissenschaften aldizkariak eman du aurkikuntzaren berri.
"Aurkikuntza oso esanguratsua da -azaldu du Paul Selden ikertzaileak-, izan ere lurrean bizi izan ziren lehenengo espezie primitiboen eta ondorengo armiarma saregileezagunen arteko bitartekoa da". Paul Selden Kansas unibertsitateko Ornogabeen Paleontologia Saileko ikertzailea da. Zientzialari-talde batekin batera, bera izan da armiarma fosil berria deskribatu duen ikertzaileetako bat.
Historian zehar ikertzaileek ez dute jurasiko garaiko armiarma fosil asko aurkitu. Lehena Errusian atzeman zuten 1984.urtean. Hiru urte geroago deskribatu zuten bigarrena. Ondoren, XXI. mendera arte ez dute besterik aurkitu.
Azken urteetan, ordea, Daohugouko nekazariek hango mendi-hegal batean Jurasiko garaiko fosilak aurkitu dituzte. Horietako gehienak intsektuak izan dira, baina tarteka armiarmak eta beste zenbait animalia ere agertu dira.
Aurkitu duten armiarma fosila arra da, eta orain urte gutxi, paraje horretan bertan aurkitu zuten armiarma fosil eme baten antz handia du. Armiarma emea Nephila jurassica espeziekotzat jo zuten hasieran.
“Hala ere, aurkitutako armiarma arrak dituen zenbait ezaugarrik ez dute bat egiten ez generoarekin ez eta Nephilidae familiarekin. Horregatik zientzialariek armiarma arraren espeziea hartzen duen familia berri bat deskribatu dute”, azaldu du Paul Selden irakasleak.
Armiarma fosilen kontserbazioa, kasu askotan, ez da behar bezain ona izaten. Horregatik, zaila izaten da armiarma fosilak zein espezietakoak diren zehaztea. Zientzialariek doi-doi aztertu behar dituzte armiarmen ileak, hankak eta sexu-organoak.
Hala ere, Daohugouko fosilak egoera onean kontserbatu dira, bertako sumendiak eragindako errauts pilaketak xehetasun txiki horiek guztiak mantendu baititu. Kasu honetan, gainera, fosilaren azterketarako mikroskopio elektroniko bat erabili dute. Horri esker, zenbait ezaugarri xehetasun handiagoz behatu ahal izan dituzte: ileen egitura, esaterako; eta, horrela, espeziea identifikatu ahal izan dute.
Armiarma emearen fosila Nephila jurassica espeziaren barne kokatu arren, zuhaitz genealogikoaren segidaren hausturaz ohartu ziren zenbait zientzialari eta, ondorioz, sailkapen hori zalantzan jarri zuten. Zientzialari horiek proposatu zuten armiarma emea armiarma saregile primitibo bat zela. Fosil arraren aurkikuntzak eta honekin egindako ikerketa zehatzek hipotesi hori baieztatu dute.
Armiarma horiek Jurasiko garaian bizi izan ziren intsektu askoren redatzaileak izan zirela dio Selden ikertzaileak. Armiarmaren anatomiaren inguruan egindako ikerketak gainera, beren bizimoduaren inguruko datu gehiago ere helarazi ditu, baita garaiko klimaren inguruko xehetasunak ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia