Inpaktu sakona
2005/07/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kometak elurrezko bola zikinak zirela proposatu zuen 1950eko hamarkadaren hasieran Fred Whipple astronomoak. Eredu haren arabera, kometek nukleo solido bat dute, eta, Eguzkirantz hurbildu ahala, nukleoko izotza sublimatu egiten da eta kometaren isatsa eratzen da. Giotto misioak erakutsi zuen eredu hura egokia dela. Dena dela, misio hark beste galdera batzuk ere sorrarazi zituen, esaterako: nukleoaren albedoa zergatik da hain txikia? Halleyren albedoa 4koa ei da, ikatza baino ilunagoa da, hain zuzen ere. Galdera horri erantzuna eman nahian, Mike Belton eta Alan Delamare zientzialariek kometa baten nukleoa jo eta krater bat irekiko zuen misioa martxan jartzea proposatu zioten NASAri. Kraterra eginez gero, nukleoaren gainazal ilunaren azpian zer dagoen ikusi ahal izango da.
NASAK erronka onartu zuen, zenbait gorabehera izan eta gero; kometa itua aldatzea, besteak beste. Joan den urtarrilaren 12an, Delta II kohete batek bultzatuta abiatu zen Deep Impact misioa. Misioa bi moduluz osatuta dago: inpaktatzailea eta hegaldatzailea. Inpaktatzaileak 320 kg pisatzen du eta kometaren ibilbidean sartzeko nahikoa maniobra-autonomia izango du.
Hegaldatzailetik inpaktua baino egun bat lehenago banatuko da, uztailaren 3an hain zuzen ere, eta AEBetako aberri-egunean joko du itua. Bien bitartean, hegaldatzaileak inpaktua behatu eta grabatuko du, kraterretik erauzitako materialak aztertuko ditu, eta baita kraterraren egitura eta konposizioa ere. Misioa ez da orduan bukatuko, orduan hasiko da lana eta.
Zientzialariek Deep Impact -ek bildutako datuak aztertzen jardungo dute hurrengo bederatzi hilabeteetan. Inpaktatzaileak eginiko zuloaren tamaina eta sakonera aztertuz, nukleoaren dentsitatearen zantzuak izatea espero dute zientzialariek. Harrotutako hautsa desagertu eta, gero, kamera eta espektroskopio bat usatuz, egitura eta konposizioa nolakoak diren aztertuko dute. Inpaktuaren bilakaera ikusteko eta datuak biltzeko, NASAren hiru espazio-teleskopio begira izango dira, Chandra , Hubble eta Spitzer alegia.
Deep Impact misioa.
Pentsa liteke inpaktatzaileak jotzen duenean 9P/Tempel 1ek eragina nozituko duela. Hala da, baina 767 abioi batek eltxo bat jotzean nabarituko lukeenaren parekoa izango da. Inpaktatzaileak 10,2 km/s-ko abiaduraz joko du kometa. Horrek kometaren abiadura 0,0001 mm/s-ko jaitsaraziko du, eta, ondorioz, perihelioaren distantzia 10 metro laburtuko da eta periodo orbitala segundo bat –perihelioa Eguzkiaren inguruan biraka ari denak Eguzkiarekiko duen distantzia minimoa da–. Konparazio baterako, kometa 2024an Jupiterretik gertu pasatzean, perihelioaren distantzia 34 milioi kilometrotan aldatuko da planetaren grabitatearen eraginez.
9P/Tempel 1 kometa 1967an aurkitu zuen Ernst Wilhelm Tempel astronomoak. Haren periodo orbitala 5,5 urtekoa da eta Marte eta Jupiterren
artean pasatzen du denborarik gehiena. Nukleoak itxura luzexka du eta haren neurriak hauek dira gutxi gorabehera: 14 x 5 x 5 km.
Zergatik aukeratu zen kometa hura eta ez beste bat? Hainbat arrazoi egon dira. Batetik, perihelioa Lurretik nahikoa gertu du, 0,9 unitate astronomikora, eta, ondorioz, nahiko erraz irits daiteke haraino, eta Lurretik teleskopioen bidez ere beha daiteke. Orbitaren geometria ere oso egokia du; esaterako, inpaktuaren garaian kometak, Eguzkiak eta zundak osatuko duten angelua nahikoa handia izango da, 63 ºkoa hain justu, eta horrek ituan eguzki-argi nabarmena egotea ekarriko du. Gainera, 9P/Tempel 1ek aktibitate txikia du eta hautsak ez du espazio-zundaren lana eragotziko. Inpaktu on!
Kometak aztertzeko misioak
- 1985. NASAk International Sun-Earth Explorer ontziaren ibilbidea aldarazi zuen, 21P/Giacobini-Zinner kometa hegaldatzeko eta isatsa zeharkatzeko. Hurrengo urtean, Halley inguruan hegaldatu zen.
- 1986. Ontzi-mordoa joan zen Halleyren bila, ESAren Giotto , SESBko Vega 1 eta Vega 2 eta Sakigake eta Suisei japoniarrak.
- 1994. Urte hartan, Shoemaker-Levy 9 kometak Jupiterren kontra jo zuen eta Hubble teleskopioak eta Galileo eta Ulises zundek aztertu zuten gertaera.
- 1998. Deep Space 1 -ek 19P/Borrely kometaren argazkiak egin zituen, ordura arteko onenak.
- 2002. Contuor misioarekin jaurti eta sei astera harremana galdu egin zen, kometak ehizatzeko bidean jarri nahi izan zenean.
- 2004. Stardust zunda 81P/Wild 2 kometaren nukleotik 236 km-ra pasatu zen. Barne-koma zeharkatu zuen. Irudi adierazgarriak lortu zituen.
- 2004. ESAk Rosetta jaurti zuen. 2014an 67P/Txuriumov-Geramisenko kometaren gainazalera zientzia-pakete bat jaurtiko du lurreratzaile baten bidez
Deep Impact -ek erantzun beharrekoak
Deep Impact -en ikerketaren muina kometa baten nukleoaren gainazalaren eta barnealdearen arteko desberdintasunak ulertzea da. Hauek dira erantzun nahi diren galderetako batzuk:
- Kraterra 20 m sakon bada, hango materialak izoztutako karbono monoxido edo dioxidoa izango du?
- Edo oraindik ur-izotza nagusi izango da? Ur-izotza bada, egitura kristalinoa ala amorfoa izango da?
- Zer sakoneratan desagertzen dira material lurrunkorrak?
- Zaharra da gainazala?
- Kometaren egitura homogenoa da?