Inprimagailuak matxurak aurreikusten
2002/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gaur egungo inprimagailuek horixe egiten dute, testu eta irudiak inprimatu. Txuri-beltzean, koloretan, testuak, irudiak… Eta tinta edo papera amaitzen zaienean abisua ematen dute, inprimagailuaren pantailatxoan zein ordenagailuan. Aurrerantzean, inprimagailuek berek matxurak noiz izango dituzten ere ohartaraziko omen digute. Hori dio, behintzat, Xerox etxeak.
Bestetik, orain arte, autodiagnosia egiten duten hainbat makinak badabiltzan edo ez dabiltzan, akatsen bat duten edo akatsa konpondu duten eta horrelakoak aztertzen dituzte. Hau da, bai edo ez moduko seinaleak aztertzen dituzte.
Inprimagailu berriekin, ordea, piezek unean-unean duten egoera berri-berriak zirenekoarekin konparatuta, piezen zahartze-maila jakiteko modua legoke eta, beraz, baita matxura noiz dagoen gertatzeko zorian ere.
Nola lortu hori? Makinak berak bere piezen bibrazioa, zarata eta pisua etengabe neurtu, horiek eragindako uhinak aztertu eta berritan zituenekin konparatuko ditu, baita matxuratzear daudenean piezek izaten dituzten bibrazio, zarata eta pisuarekin ere. Horrela, hasierako eta bukaerako datuak unean unekoekin konparatuta, piezak zein egoeratan dauden jakingo du makinak.
Antzeko zerbait egiten da lehendik ere bestelako makina handiagoetan, batez ere konpondu eta aldatu behar ziren piezak bereizteko, baina, pixkanaka, gero eta makina txikiagoei jartzen dizkiete horrelako sistemak.
Eta inprimagailuak berak bakarrik deituko balu teknikarien zentralera, matxura gertatu aurretik agertuko lirateke konponketa egitera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia