}

Interes gutxiago zientziarekiko

2007/07/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken lau urteotan egin duen bezala, eguneroko prentsan zientziak eta teknologiak duten oihartzuna aztertu du Elhuyar Fundazioak. Emaitzak ez dira, oro har, poztekoak izan, eta euskarazko dibulgazioaren kasuan galera nabarmenagoa izan da.
Interes gutxiago zientziarekiko
2007/07/01 | Kortabarria Olabarria, Beñardo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Artxibokoa)

Zientzia- eta teknologia-gaien artean, klimaren aldaketak eman die bereziki atentzioa egunkariei. 2006ko abendutik 2007ko apirila bitartean, zientzia-gaiak 34 aldiz agertu dira Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren egunkarietako lehen orrialdean, azalean. Agerpen horietan, 10 aldiz zuzen-zuzenean aipatu da klima-aldaketa; zeharka, berriz, beste dozena-erdi bat bider bai. Elhuyar Fundazioak abendua eta apirila bitartean egindako azterketaren emaitzetako bat da hori.

Klima-aldaketa

Agertze-kopuruan nabarmendu ez ezik, egunkariek guztiaren errudun, bitartekari edo eragile bihurtu dute klima-aldaketa, izenburu eta esaldi bitxiak idazteraino: "...basoen zeregin berria klima-aldaketa murrizteko", "Klima-aldaketak loaren asaldurak eta alergia-arazoak eragingo ditu", "Ikerketa aitzindari batek gripea hedatzea eta klima-aldaketa lotu ditu", "Klima-aldaketak batez ere Kantauri eta Mediterraneo itsasoei eragingo die datozen hamarkadetan"...

Beste gai batzuek ere jaso dute egunkarien arreta, arrantza esperimentalen inguruko gorabeherek, hezur-muinaren transplante baten zain zegoen Arrasateko neskatoaren laguntza-deiak edo, besteak beste, Amillia haur goiztiarraren kasuak.

Hala ere, interesguneak ez dira berdinak izan guztientzat. Titanen metanoa agertu izana, adibidez, soilik bi egunkarirentzat izan da garrantzitsua, artrosiaren aurkako tratamendu berri bat agertzea laurentzat eta 2007a urte beroena izatea hirurentzat; 2020rako Europako Batasunak CO 2 isurketak % 20 gutxitu nahi izatea, aldiz, guztiek hartu dute kontuan; baita Arabako anbarean akaro berri bat agertzea ere.

Gara eta Berria -ren diseinu berrian, zientzia galtzaile irten da.
E. Carton

Hilean behin azalean

Azaleko agerpenak 34 izan badira ere, kontuan hartu behar da azterketa egiteko zortzi egunkari ( Berria, Diario Vasco, Gara, Deia, El Pais, El Correo, Diario de Noticias de Alava , eta Noticias de Gipuzkoa ) begiratu ditugula. Hortaz, egunkariko lau agerpen dira. Hau da, zientzia-gaiak hilean behin izan dira egunkarietako azala, horra hor errealitatea.

Oraingo honekin, Elhuyar Fundazioak laugarren aldiz egin du azterketa azken lau urteotan, eta gorabeherak ez dira oso nabarmenak. Datu orokorrei begiratuz gero, aurten artikulu-kopurua 2.337koa izan da, egunkarietan argitaratzen diren artikuluen % 1,75. 2004an datu hori % 1ekoa izan zen, 2005ean --orain arteko altuena-- % 2,44koa, eta iaz % 1,96koa.

Ez dago esaterik datu horiek beheranzko joera garbia adierazten dutenik. Izan ere, ez da hainbeste denbora azterketa egiten dela, eta, hortaz, gorabehera egoeraren araberakotzat hartzea badago. Datuen irakurketa egitean, beherakadaren arrazoi objektibo bat ere bada aurten. Berria eta Gara egunkariek iaztik hona itxura- eta kontzeptu-aldaketa egin dute, eta ondorioetako bat izan da zientziari eta teknologiari toki gutxiago eskaintzen dietela. Berria -k ia % 35 gutxiago; Gara -ren kasuan, galera ia % 38koa da. Aztertu ditugun gainerako egunkarietan, aldiz, joera bestelakoa izan da, goranzkoa, baina igoerak ez dira beherakadak bezain nabarmenak izan. Kopuru absolutuetan, El Pais eta El Correo dira lehenak, hurrenkera horretan. Zientziari kasu gutxien egiten diotenak, berriz, Gara eta Diario de Noticias de Alava .

Berria eta Gara egunkarien aldaketak ez die soilik kopuruari buruzko datuei eragin; aldaketarekin, euskara ere galtzaile irten da, nabarmen, gainera. Izan ere, aurreko urteetako datuek argi adierazten dute egunkari bi horiek direla euskarari ekarpen handiena egiten diotenak. Iaz baino % 35,08 txikiagoa da euskarazko artikuluen presentzia. El Correo eta Diario de Noticias de Alava -n ez dute ezer argitaratu euskaraz; El Pais -en, aldiz, kanpokoa izanagatik, zerbait bai.

Nota ona idazleentzat

Klima-aldaketa egunkari gehienetan agertu da.
Artxibokoa

Datu hotzak ez ezik, artikuluen azterketa kualitatiboa ere egin du Elhuyarrek, hainbat adierazle kontuan hartuta. Adierazleoi dagokionez, aurreko urteetako azterketen ondoan aldaketa txiki bat egin dugu. Hamar adierazle begiratu ditugu, tartean edukiaren zuzentasuna, hau da, idatzita dagoena zuzena den edo ez. Edukia zuzena izan bada, artikuluak 5 puntu jaso ditu; aurreko urteetan, aldiz, beste adierazleen balioa jasotzen zuen. Edukien zuzentasunaz gain, informazio gehigarria izatea, kontrastatua egotea, ulergarritasuna, informazio grafikoa edukitzea, hizkuntzaren aberastasuna eta abar hartu dira kontuan. Batez besteko emaitza honako hau da: 7,55. Ez dirudi emaitza txarra denik.

Eguneroko informazio-argitalpenen eta hedabide espezializatuen arteko konparazioa ere egin da, interesguneak bat datozen jakiteko. Albiste batzuetan bat etorri dira, adibidez, arrantzako kuotetan, klima-aldaketaren inguruko kontuetan... baina, oro har, argitalpen espezializatuetan egunkarietan agertu ere egiten ez diren berriak daude.

Oraindik ez dagoela zientzia-idazlearen figurarik, ingurumen-gaiek errege izaten jarraitzen dutela; informatika, eta fisika, kimika eta matematika, aldiz, morroi izatera ere ez direla iristen. Horiek ere azterketaren ondorioak dira. Datuak ikusteko, www.zientzia.net helbidean.

Kortabarria Olabarria, Beñardo
3
233
2007
7
037
Giza zientziak; Elhuyarren berriak
Artikulua
50

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia