Interfaze likidoan oinarritutako 3D inprimagailuen iraultza
2015/03/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Denbora gutxian, 3D inprimagailuek arrakasta handia lortu dute. Abantaila ukaezinak dituzten arren, ordea, mugak ere badituzte, bereziki, denbora. Izan ere, ekoizpena nahiko motela izaten da. Muga hori gainditzeko, interfaze likidoan oinarritutako 3D inprimagailu bat garatu dute Silicon Valley eta Ipar Carolinako Unibertsitako ikertzaileek.
Science aldizkarian argitaratu dute haien ikerketa. Azaldu dutenez, haien metodoaren bidez, minututan lortzen da ekoiztea diseinu bat, orduak itxaron behar izan gabe. Horretarako gakoa “eremu hila” dela argitu dute. Oxigenoa duen eremu hori jatorrizko material likidoaren eta inprimatzen ari den alderdi solidoaren artean dago; hor materiala ezin da solido bihurtu, eta, aldi berean, solidotzen hasten den puntua elikatzen du, etenik gabe. Hala, objektua etengabe eratzen da.
Artikuluaren arabera, era askotako materialak inprimatzeko erabil daiteke teknologia hori, hala nola material elastikoak, zeramikoak eta biologikoak, adibidez, ehunak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia